LH 6.mailako kanpo ebaluazioari planto egiteko deiak babes handia izan du martxoan
Aresketa, Latiorro, Luis Elejalde, San Ignazio, Umandi, Luis Dorao, Armentia… LH 6. mailako kanpo ebaluazioari planto egin diote Araban. Hezkuntza Plataformen Topaguneko deialdia babestu dute hamaika ikasle, gurasok eta irakaslek.
Martxoaren 5ean hasita eta hilabete bereko 22an amaituta, LOMCE eta Heziberriren araberako azterketak egin nahi dituzte horretarako Eusko Jaurlaritzak aukeratu dituen zentroetan. Egin baino, horretara deituta egongo dira ikasleak; izan ere, ez badira klasera aurkezten, ikasleek ez dute azterketa zertan egin beharrik.
Planto egiten lehena, Aresketa izan zen Aiaraldean. Egunek aurrera egin ahala, Gasteizko hainbat ikastetxetan ere planto egin dute. Horren adibide dira Luis Elejalde eta San Ignacio. Martxoaren 19an, Umandin planto egin dute eta elkarretaratzea burutu ikasleek, gurasoek eta irakasleek. Martxoaren 20an, Luis Doraon, erabaki berdina hartu dute; azken honetan, aurreko ikasturtean egin zuten bezala, azterketa egin nahi ez duten Ikasleak ez ziren eskolara joan.
Luis Elejalden, adibidez, jarraipen handi izan zuen plantoak: soilik lau ikasle joan ziren deituta zeuden 49etatik. San Ignacion, aldiz, 21 ikasle zeuden deituta azterketa egitera: soilik zortzi ikasle agertu ziren, gainontzeko ikasleek plantoaren hautua eginez.
Aiaraldeako beste bi ikastetxetan, aldiz, LH 6. mailako kanpo ebaluazioa egin dute: Latiorron eta Lucas Reyn. Hala ere, Latiorron, oso ikasle gutxi joan ziren klasera azterketa egitera.
Araban, Hala Bedik jakin duenez, 27 ikastetxe ezberdinetan egin nahi zuten azterketa eta, hauetako askotan planto egin dute gurasoek, irakasleek eta ikasleek, Hezkuntza Plataformen Topaguneak zabaldutako planto deialdia babestuz.
Kalfikazio sistema “inposatua”
Hezkuntza Plataformen Topagunetik kalifikazio sistema “inposatu” honi planto egiteko deia luzatu zuten. Informazioa elkarbanatu eta erantzun bat emateko klaustro eta familia-bilerak egin dituzte eta, aurten ere, familietatik nahiko inpresio positiboa jaso dute. Hala ere, lau salaketa nagusi eman dituzte jakitera:
- “Zailtasun handia” dagoela nabarmendu dute, informazioa jaso eta trukatzeko batez ere.
- Ikuskari batzuen aldetik jarraipen estu eta zorrotza egiten ari diete langileei eta zuzendaritzako kideei, “kolaborazio” jarrera eskatzen eta “behartuta” daudela gogoratzen, funtzionarioak baitira.
- Familiei informazioa ukatzen edo berandu ematen ari zaiela ohartarazi dute Topaguneko kideek.
- “Berriro sekretismoa, partaidetza eza, inposizioa…”, salatu dute.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, apiriletik aurrera
Topaguneko kideek baieztatu dutenez, “inposatutako beste bi azterketa bolada etorriko dira apiriletik aurrera”. Oraingoan, DBHn izango da. ‘Pisa’ izeneko azterketa egitera daude deituta ikasleak apirilaren 16tik maiatzaren 4ra bitartean. Azterketa hau egiten duten zentro berdinetan, maiatzaren 7tik 18ra DBHko 4.mailako ikasleek errebaliden froga egitera deituko dituzte.
Konfirmatu dutenez, Araban, Samaniego (Gasteiz), Lakua (Gasteiz), Badaia institua (Langraitz) eta Zaraobe (Amurrion), Laudioko institutuan eta Laudioko Ikastolan egin nahi dute.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!