Mila pentsiodun baino gehiago elkartu dira Gasteizen egindako agerraldian, 1080 euroko pentsioak bermatzeko eskatzeko
Legebiltzarreko talde politikoekin bildu eta idazki bat helarazi diete haien eskaerak helaraziz, besteak beste, 1080 euroko pentsioa bermatzea. Elkarretaratzea ere egin dute Katedral Berriaren atarian.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoatik etorritako 1200 pentsiodun baino gehiago bildu dira Gasteizen, legebiltzarkideei eskatzeko gutxieneko 1080 euroko pentsioak osatuko dituen aurrekontu partida bermatzea.
EAJ, EH-Bildu, Elkarrekin-Podemos eta PSErekin izandako bileren ondoren, pentsiodunen mugimenduak Katedral Berriaren atarian egindako agerraldian azaldu du espero dutela haien aldarrikapenak aintzat hartzea. Batetik, eskatu dute gutxieneko pentsioak osatzeko beharrezkoa den aurrekontu partida gaitzea, 1080 eurora iritsi arte hamalau ordainsariatan. Bestetik, langile eta pentsiodunek pentsio publiko duin eta justuak izateko neurri zehatzak hartzeko ere galdegin dute.
Horiek bermatzea “lehentasun eta borondate politiko kontua” dela uste dute pentsionisten mugimenduko kideek.
Adierazi dutenez, 52 hilabete daramatzate “kalean borrokan”, Pentsio Solidarioen eta Banaketaren Sistema Publikoaren alde.
Era berean, Legebiltzarrean ponentzia bat sortzea proposatu dute, pentsioen murrizketak eta “mehatxu berriak gelditzeko” neurriak hartzeko.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!