Laudioko eliza okupatu dute ehunka herritarrek, Madres Mercedarias ixtearen eta kaleratzeen aurka
Bizkaiko Foru Aldundiak Orozkoko Madres Mercedarias zaintza-zentroa itxi eta 116 pertsona kaleratzeko mehatxua egin du. Langileek elkarretaratzea egin dute gaur Laudioko herriko plazan eta, ondoren, San Pedro eliza okupatu eta itxialdia egin dute. Arratsalderako hitzaldiak eta mahai-ingurua antolatu dituzte.
Bideoa: Aiaraldeko Greba Batzordea / Argazkia: LAB Aiara
Aniztasun Funtzionala duten pertsonentzako zaintza-zentroa da Orozkoko Madres Mercedarias. Bizkaiko Foru Aldundiak zentroa itxi eta bertako 116 langile kaleratzeko asmoa du. Urte hasieratik egin dituzte itxiera salatzeko protestak (Aiaraldeako beste lan-gatazka eta eragile batzuekin batera ere bai) eta gaurkoan, besteak beste, San Pedro Eliza okupatu dute egoera salatzeko.
Aiaraldeko Greba Batzordeak jakinarazi du Twitter bidez: ehunka pertsona sartu dira elizan, ‘Mercedarias ez itxi’ lelopean.
Horrekin batera, egun osoko egitaraua antolatu dute, eskualdeko beste borroka prozesu batzuk ere plazaratzeko: Aiaraldeko eskola publikoaren egoerari buruzko mahai-ingurua; Aiaraldeko Mugimendu Feministaren hitzaldia, zaintza sistema publiko komunitarioaren aldeko borrokaren harira; eta, bukatzeko, Madres Mercedariaseko, Apdemako, Gaudeko eta Gorabideko langileen arteko mahai-ingurua. Asanblada egingo dute jardunaldia bukatzeko.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!