Laudio Ikastolan ‘Alexia’ programa indargabetzea lortu dute
"Hau hasiera besterik ez da izan", adierazi dute ikasleek ohar batean.
Aiaraldeko Ikasle Autodefentsa Sareak Alexia izenarekin ezaguna den plataforma birtualaren aurka indarrak batzeko deia egin zuen aurreko urtarrilean. Izan ere, ikasleek orduan salatu zutenez, plataforma birtualak -ebaluazioko notak zintzilikatzeko erabiltzen dena- bere funtzioak handitu zituen, kalifikazioak ez diren beste esparru batzuetara bere jarduera zabalduz.
Orain, ordea, ohar batean adierazi dutenez, datorren ikasturtera begira Alexia indargabetzea lortu dute. “Hau hasiera besterik ez da izan [..] Kapitalak uneoro behar du produktibitatea handitu, eta horregatik ondo dakigu erasoak ez diela etengo”, adierazi dute.
Alexiak ikasleriaren egunerokotasunaren berri ematen duela salatzean zentratu zen ikasleek hasitako kanpaina, ikasleek burutzen dituzten jardun oro kontrolatuz: puntualitate faltak, ez-etortzeak, kanporatzeak edota jarrerak. Programaren “kontrola” salatzeko, “gurasoekin asteburuko liskarrak” jarri zituzten horren adibidetzat, gurasoek “falta” hauen berri dutenean edota ikasleriaren askatasun eta eskubideen inguruan eztabaidatzerakoan.
“Irakasleak bere posiziotik hartutako neurriaren berri ematen die gurasoei, horren adibide da Alexian erabilitako terminologia edota jarrerak epaitzeko ikuspegi subjektibista, hau da, soilik irakasleak du jarrera bat egokia den edo ez epaitzeko aukera”. Honen ondorioz, gurasoek, irakasleen arrazoiak bete-betean onartzen dituztela salatu zuten kanpaina hasteko orduan.
Behin Alexia indargabetuta, “ikastetxeko borrokak bestelako borroka esparruekin harremantzeko beharraz” kontziente direla adierazi dute, “elkartasuna antolatzen duten esparru zein antolakunde ezberdinekin helburuak lortzera bidean”.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!