Larunbatean parrilla berria aurkeztuko du Hala Bedi irratiak eta 40. urteurrena ospatuko du
Egun borobila izango da azaroaren 18a, larunbata, halabeditar eta lagunentzako: Hala Bedi Irratiak 2023/2024 ikasturteko parrilla aurkeztuko du goizean eta 40. urteurrena ospatuko arratsaldean. Katu, Denso, Mutiko eta Tatta izango dira Gasteizko Gaztetxean eta Eromena eta Rosamari dj-ak.
Hilabeteak igaro dira lau hamarkadako ibilbidea ospatzeari ekin genionetik. Abuztuaren 6an, Gasteizko jaietako giro betean, irrati emisio berezia egin zuten Hala Bediko kideek goizean eta, arratsaldean, dagoeneko tradizioa den prozesio ateoa Alde Zaharretik Txosnagunera Orbain Kultur Elkarteko kideekin batera. Txosnetan omenaldia eta brindisa egin zuten irrati librearen alde.
Bestalde, urte osoa eman dugu ospakizunez ospakizun Errekaleor Bizirik!, Gaztetxe, Auzolana pilotaleku eta Sumendiko lagunekin, “100 urte bakarrik ezin da” dinamikan. Autogestioa, okupazioa eta asanbladak batzen gaituen eragileon artean ospatu ditugu urteurrenak eta urriaren 21ean egin genuen ekimen handiena: egun osoan zehar Gasteizko Alde Zaharra eta Errekaleor auzoa hartu genituen hamaika ikuskizun, otordu, kontzertu eta ekimenekin eragile guztion omenez.
Irratiaren 23/24 ikasturteko programazioaren aurkezpena: parrillada
Larunbat honetan, azaroak 18, bere jai propioa egingo du Hala Bedi irratiak. Eguna hasteko, goizeko 11.00etan elkartuko gara Hala Bedi tabernan eta zuzeneko irrati emisio berezia egingo dugu. Besteak beste, aurten estreinatuko diren irratsaio berrietako kideak izango dira saioan, programen nondik norakoen berri emateko. Horrekin batera, parrilla berria aurkeztuko dugu eta, ohi bezala, tabernan egongo da ikusgai. Eskuorri eta sare sozialetan ere zabalduko dugu.
Hauxe da aurreratuko duguna: 33 irratsaio propio izango ditugu aurten Hala Bedin, horietatik 13 euskaraz. Lau izango dira edizio honetan aurkeztuko ditugun irratsaio berriak.
40 urte, gure patatik zuenera
Arratsaldean lau hamarkadako ibilbidea ospatuko dugu. Sorpresa gehiago: Hala Bedi irratiko egungo hainbat kidek egindako “40 urtez gure patatatik zuenera” bideo-dokumental satirikoa emitituko dugu. Arratsaldeko 18.00etan izango da Gaztetxean.
Ondoren, 20.00etatik aurrera, kontzertuak izango dira Gaztetxean bertan. Lehenik KATU durangoko neopunk taldeak joko du. Ondoren, Denso, Mutiko eta Tatta izango dira oholtzan. Bakarkako ibilbidea duten 3 gaztez osatutako taldea da, baina elkartu egiten dira ikuskizun batzuk emateko: Denso, produkzioan, eta Tatta eta Mutiko ahotsetan.
Bukatzeko, musikak jarraituko du gaueko ordu txikietan ere: Eromena eta Rosamari DJak izango dira musika jartzen.
Hala Bedi Irratia, 1983tik uhiak astintzen
1983. urtean jaio zen Hala Bedi Irratia. Irrati libreen loraldia aurreko hamarkadan hasia zen jada Europan, Italian batez ere. Trantsizio garaia zen eta herri mugimenduak indartsu zeuden Gasteizen bezala Euskal Herri osoan (gerora beherakada etorriko bazen ere). Borroka urteak izan ziren hasierakoak, irratia baliabide eskasekin aurrera ateratzeko, baina baita errepresio polizialari aurre egiteko ere.
Lehenengo emisioa 1983ko abuztuaren 4an egin zuen Hala Bedik. Gasteizko jaietako egun handia zen eta bi lagun Andre Maria Zuriaren enparantzara joan ziren Zeledonen jaitsiera emititzeko asmoz, walkie talkie banarekin. Poliziak atxilotu egin zituen bi lagun horiek, eta walkieak kendu zizkien. Abuztuaren 6an egin zuten bigarrena, txosnetarako emititu zuten.
Irrati librea itotzen saiatu ziren hasierako urteetan. Lehen emisio horien egin eta gero 6 hilabete behar izan zituzten berriro uhinetan sartzeko, poliziaren etengabeko jazarpena zela eta.
Ideologikoki anitza zen irratia eta askotan eztabaida sutsuak eman arren, tokia zuten «abertzale, komunista, antimilitarista, internazionalista zein beste mugimendu askok».
1990ko hamarkada gogorra izan zen herri mugimenduentzako eta eragina izan zuen Hala Bedi irratian ere. Errepresioa, errelebo falta eta gizartearen inertzia izan ziren, beste arrazoi askoren artean, gainbeheraren eragile. Irrati libre askok ez zuten baliabiderik izan krisiari aurre egiteko, errelebo eta indar faltari. Hala Bedi Irratiak «jendearen irmotasunari esker» eutsi zion.
Mende berriarekin, batasunerako hautua egin zuten Euskal Herriko euskarazko irratiek. Arrosa sarea sortu zuten, 20 urte bete berri dituena. Hala Bedik Arrosa sarearekin batera egin du ibilbidea orain arte. Hala Bedi Taberna ere ireki zen hamarkada horretan. Eta, ezin aipatu gabe utzi, Hala Bedi Irratiak Garoñako zentral nuklearraren gas ihesaren berri eman zuten zuzenean eta esklusiban.
Ordurako somatzen zen Suelta La Olla magazina historiko bihurtuko zela Arabako uhinetan. Euskara hutsean egiten den Hizpidea magazina ere sortu zen SLOren atzetik, eta hori indartu bidean da irratia egun.
Aldaketa asko eman dira ordutik, garaian garaikoak, baina Hala Bedi Irratiak herri mugimenduaren parte eta haren ahotsa izaten jarraitzen du, autonomoa, independentea eta lan boluntario eta militantez aurrera eramana.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!