Larrialdiko ebakuntza eginda ostatu gabe zen gizonarentzako aterpea lortu du Auzoan Bizik
Orain egun batzuk salatu zuen Auzoan Bizi etxebizitza sareak Udalak «kalean eta inolako etxebizitza alternatibarik gabe» utzi zuela urgentziaz operatu berriko bizilagun bat, udal harrera ostatuak itxita dauden bitartean.
Aurreko den asteburuan larrialdiko ebakuntza bat egin zioten Auzoan Biziko kide den gizonari eta asteartean jasoa zuen alta.
Egun horretan bertan salatu zutenez, ebakuntza egin berritan egonda eta medikuak “atseden osoa” aginduta, ospitaleko gizarte zerbitzuek ez zioten “inolako baliabiderik bermatu alta jaso osterako, bere kale egoeraz jakitun ziren arren”.
Horregatik, Udalaren gizarte zerbitzuetara jo du gizonak auzokideen laguntzaz, eta aste baterako ostatua eskaini diote. Alta, medikuaren arabera atsedena eta ostatua sei astekoa izan beharko litzateke. Hortaz, otsailaren 23an itzuli beharko da udal bulegoetara. Auzoan Bizi sareko kideek esan dute lagundu egingo diotela “bere ongizatea berma dadin borrokatzeko”.
Gizarte Zerbitzuen eta, zehazki, Udalaren Gizarte Larrialdietarako Zerbitzuaren “saturazioa” salatu du Auzoan Bizik: “Aurrekontuen murrizketek eta oinarrizko zerbitzuen pribatizazioak erantzule politikoak dituzte. Gogora dezagun politika hauen ondorio direla neguan tragedia gisa aurkezten dizkiguten kale egoeran dauden pertsonen heriotzak, duela gutxi Bilbon gertatu den moduan”.
“Sistema kapitalista eta haren funtzioei mesede egiten dieten politika instituzionalak izango dira berriz ere errudun, kale egoeran ez dagoelako bizitzerik. Gizarte Zerbitzuak inoiz ez dira irtenbide izango, baina egunerokotasunean horiei presio egitea dagokigu, haien funtzioa bete dezaten”, gaineratu dute.
Dei egin dute “guztiontzako oinarrizko behar material eta komunitarioak lortzera bidean herri egituretan eta elkar zaintza sareetan antolatzera”.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!