Larrialdiko ebakuntza egin ostean etxegabe bat kalean utzi dutela salatu du Auzoan Bizik
"Asko dira DAI-a ez zabaltzearen ondorioz garai luze honetan kalean bizitzera behartuta daudenak; besteak beste, Auzoan Biziko hainbat kide. DAI-a zabaldu beharrean, Udalak modu intermitentean handitzen eta murrizten ditu CMAS eta udal aterpeko plazak."
Auzoan Bizi sareak salatu du Udalak “kalean eta inolako etxebizitza alternatibarik gabe” utzi duela urgentziaz operatu berriko bizilagun bat, udal harrera ostatuak itxita dauden bitartean.
Gasteizko Alde Zaharreko etxebizitza sareak azaldu duenez, joan den asteburuan larrialdiko ebakuntza bat egin zioten kalean bizi den gizon horri. Asteartean, otsailaren 14an, alta jaso zuen, salaketa publikoa egin zuten egun berean.
Esan dutenez, ebakuntza egin berritan egonda ere, Udalak ez dio eskaini “ebakuntza ostean osatu ahal izateko espaziorik” are gutxiago etxebizitza bat. Hori bakarrik ez, “oinarrizko elikadura zein beharrezko medikamenduak lortzerik ere ez dauka” Auzoan Biziko kide horrek.
Gasteizko Udalak Neguan Ostatu Emateko Bitartekoa martxan jarri gabe jarraitzen du
“Beste urte batez, eta negu gorriko tenperaturekin, Udalak Neguan Ostatu emateko Bitartekoa (DAI) martxan jarri gabe jarraitzen du”, ohartarazi dute. “Asko dira DAI-a ez zabaltzearen ondorioz garai luze honetan kalean bizitzera behartuta daudenak; besteak beste, Auzoan Biziko hainbat kide. DAI-a zabaldu beharrean, Udalak modu intermitentean handitzen eta murrizten ditu CMAS eta udal aterpeko plazak. Erabaki hau zinegotzigoaren esku dago, eta ez da plazaratu irekiera zein itxieraren inguruko inolako irizpiderik”.
Etxebizitza sareak kritikatu duenez “larria” da administrazioaren jarrera auzi honetan, “normalizatu” egiten duelako kale-egoera; are larriagotzat jo dute, hala ere, “neguan ahalik eta baliabide gehien murrizten dituzten politikek izan ditzaketen ondorioak”.
Ohartarazi dute neguan “tragedia gisa” aurkeztuko diren heriotzak politika horien ondorio direla, “duela gutxi Bilbon gertatu den moduan”.
“Sistema kapitalistak eta haren funtzioei mesede egiten dieten politika instituzionalak izango dira errudun berriz ere, kale egoeran ez dagoelako bizitzerik. Haien jabetzak ala gure bizitzak, ez dago erdibiderik”, adierazi dute.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!