Langile bat hil da Izarrako Kutxabanken
53 urteko langilea hilik azaldu zen atzo goizean Kutxabankek Izarran duen bulegoan, lanean bakarrik ari zela. 2023ko lehen lan heriotza da.
Atzo, urtarrilaren 9an, izan zen 2023 honetan ezagutu dugun lehen lan heriotza. 53 urteko langile bat hilik azaldu zen goizean Kutxabankek Izarran duen bulegoan, lanean bakarrik ari zela.
Kutxabankek, gastuak gutxitzeko, historikoki Vitalek zuen gutxienez bi langile egoteko segurtasun neurria bertan behera utzi zuela, bulegoetan langile bakar bat egotea ahalbidetuz. LAB sindikatuak salatu du posible dela neurri hori ezabatu ez balitz, heriotza jazo ez izana.
Egungo sistema neoliberalean lan karga eta presio gero eta altuagoak laneko arrisku faktore nabarmen bilakatu direla ere gehitu du LABek. 2022an 23 heriotza ez traumatiko eman dira Euskal Herrian lanpostuetan, arazo kardiobaskularrak eragiten dituzten faktore laboralak tarteko. Lan osasunerako araudia orain mende laurden baino gehiago egin zen, gehien ugaritzen ari den arrisku faktore psikosozialari erantzuteko neurri efektiborik ez duela.
“Ez da kasualitatea Kutxabank bezalako enpresetan arrisku faktore hau areagotu izana, bere pribatizazioak gizartean eragin duen galeraz gain, langileen lan baldintzetan eta bizi kalitatean eragina izan du”, zehaztu du sindikatuak. Egoera horretan Kutxabankek beharrezko segurtasun neurriak hartzen ez dituela salatu du sindikatuak berriro.
Gogorarazi dute, gainera, lan istripuei eta lanbide-gaixotasunei aurre egiteko “azalpenak eta berehalako neurriak, kontrola eta politika zehatzak ezartzea” dagokiola Eusko Jaurlaritzari. Zentzu horretan, arrisku faktore psikosozial eta kardiobaskularrei dagokien pisua emateko exijitzen diote Osalan eta Ikuskaritzari.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!