Laboral Kutxak urtarrilaren 13an desalojatuko du Gasteizko Zentro Sozialista
Abuztuaren bukaeran jakinarazi zuten Laboral Kutxak aginduta husteko arriskuan zela Gasteizko Zentro Sozialista. Irailean desalojoaren data atzeratzea lortu zuten, eta Laboral Kutxak negoziaketari uko egin ostean, urtarrilaren 13an desalojatuko dutela jakinarazi dute Kontseilu Sozialista Gasteizek eta Errakik.
Urtarrilaren 13an desalojatuko du Laboral Kutxak Gasteizko Zentro Sozialista, espazioaren erabilera negoziatzeari uko egin ostean. Kontseilu Sozialista Gasteizek eta Errakik abuztuaren bukaeran jakinarazi zuten Laboral Kutxak aginduta husteko arriskuan zela Gasteizko Zentro Sozialista. Irailean desalojoaren data atzeratzea lortu zuten arren, Laboral Kutxak desalojoarekin jarraitzeko hautua egin du eta jarri du data berria dagoeneko.
Kontseilu Sozialistak eta Errakik nabarmendu nahi izan dute Laboral Kutxak uko egin diola negoziaketari: “Abuztu amaieratik hona Laboral Kutxak gurekin negoziatzeari uko egin eta desalojoarekin jarraitzeko hautua hartu du. Desalojoa, azkenean, urtarrilaren 13an izango da, 13:15ean”. Zentroaren birjabetzearen arrazoiak ekarri diztuzte gogora: “Gasteizko Zentro Sozialista proletalgoaren antolakuntza independentea bultzatzeko ireki genuen. Zehatzago esateko, enpresarien eta beraien instituzio burgesetatik era independentean antolaturiko espazio politiko, sozial zein kulturala izateko helburuarekin”.
Halaber, gaur egungo testuinguan “espazioen gaineko langile kontrolak duen garrantzia” azpimarratu dute Errakik eta Kontseilu Sozialistak. Haien hitzetan, “bizi dugun krisi kapitalistari ematen ari zaion aterabidea” langile klasearen aurkako “ofentsiba sozial eta politikoan” ezaugarritzen da: “Sozialki bizi baldintzak murrizten diren bitartean (soldaten jaitsiera, langabezia kronikoa…) eskubide politikoak ere gutxitzen ari direla ikusten dugu, pandemiaren aitzakiaz eskubide ezberdinak murriztu edo zuzenean debakatuz, zein espazio okupatuen aurkako ofentsiba aurrera eramanez, espazioen gaineko kontrol proletarioa ezinezko bilakatu nahian”.
Zentro Sozialisten garrantziaz
Egoera horren aurrean, Zentro Sozialistek duten “garrantzia” nabarmendu dute kontseiluak eta Errakik, eta azken hilabeteetan egin duten ekarpena mahaigaineratu nahi izan dute. Hori dela eta, orain arte Gasteizko zentroan egindako ekintzak gogora ekarri, eta zentroak antolakuntza sozialistan sakontzeko “ezinbestekoak” direla adierazi dute. “Ofentsiba guzti horren aurka agertzen den alternatiba politiko sozialista bideragarri egiteko baldintzetako bat bihurtzen ari dira Zentro Sozialistak. Gasteizko kasuan, Mugimendu Sozialistaren jarduna aurrera eramateko funtsezko espazio bilakatu da. Izan ere, martxan jarri genuenetik denbora gutxi igaro den arren, askotarikoak izan dira bertan buruturiko jarduerak: formakuntzak, kultur ekimenak edota bertan garatu den Janari Biltegia”, adierazi dute agerraldian. “Laboral Kutxa proiektu honen aurka dagoen bankua da, irudi progresistaz mozorroturiko milioidun enpresa. Proiektu sozialen eta guztion ongizatearen alde egiten duelako itxurakeriaren gainetik bere helburua zein den argi geratzen da: bere etekin ekonomikoei soilik men egitea proiektu sozialak desalojatuz”, gaineratu dute.
Desalojoa salatzearekin batera, “politika era independientean eta helburu iraultzaileekin egiteko espazioen gaineko kontrol proletarioan sakontzeko beharra” aldarrikatu dute Errakik eta Kontseilu Sozialista Gasteizek, “gure indar eta elkartasun antolatuaren bitartez soilik izan ditzazkegulako borrokarako nahitaezkoak diren espazio propioak”. Horrenbestez, “gaur egungo egoera iraultzeko” Gasteizko Zentro Sozialistaren beharra “agerikoa” dela iritzita, behar hori asetu arte borrokan jarraituko dutela berretsi dute Errakik eta Kontseilu Sozialista Gasteizek.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!