“Kulturak bakarrik salba dezake herria”, streaming bidezko kontzertu sorta Jimmy Jazz aretoan
Agerraldia eskaini du gaur Jimmy Jazz aretoko lantaldeak zenbait musikarirekin eta Hala Bedirekin batera. Krisiak gogor kolpatu ditu kultura alorreko sektoreak eta, egoerari buelta emateko helburuarekin, streaming bidezko kontzertu sorta iragarri dute. EHan sortua jaialdaik irekiko du larunbat honetan kontzertuen egutegi berezi hau. Ekainaren 14an Izaki Gardenak taldea arituko da eta 18an, berriz, The Dealers eta Red Iron Squad.
“Kulturak bakarrik salba dezake herria”, mezu argia bota dute gaur Gasteizko Jimmy Jazz aretoan eskaini duten agerraldian. Bertan, aretoko lantaldeko kideetaz gain, zenbait musikarik eta Hala Bedi irratiak ere parte hartu dute, tartean, Red Iron Squad taldeko Dani Perea eta Izaki Gardenak taldeko Jon Basaguren.
Duela aste batzuk iragarri zuen areto gasteiztarrak bere lehenengo streaming jaialdia: EHan sortua. Jimmy Jazzeko kide den Iker Arronizek azaldu du horrelako ekitaldien atzean dagoen jende guztia ikustaratzea dela jaialdiaren helburua: “kontzertuan jotzen duten musikariengandik hasi eta ekitaldia gorpuzten duten teknikari, manager, langile, promotore, komunikazio arduradun eta nola ez, publiko guztia”.
“Kultura alorreko sektore guztiak errotik jotzen dituen egoera larria” dela azaldu dute Jimmy Jazzeko kideek baina “nola edo hala” ziur dira kulturak aurrera egingo duela. Dagoeneko lanean hasi dira “ahalik eta azkarren eta baldintza egokietan” ateak berriro ireki ahal izateko: “Guk argi dugu kontzertu aretoetan segurtasun neurriak bermatzen dituzten kultur ekitaldiak antolatu ditzakegula eta horren alde lanean ari garela”.
Streaming bidezko kontzertuak
Bien bitartean streaming bidezko kontzertuei helduko diete Jimmy Jazzen. Larunbat honetan, ekainaren 6an, “EHan sortua!” jaialdiak emango dio hasiera kontzertu sorta berezi honi Brigade Loco, The Guilty Brigade, Rotten XIII eta Arkada Social taldeekin. Ekainaren 14an Izaki Gardenak taldea igoko da oholtza gainera. Azkenik, ekainaren 18an, The Dealers eta Red Iron Squad bandek itxiko dute streaming kontzertuen egutegia momentuz.
Ekarpen ekonomikoa
Streaming bidezko kontzertuetaz gozatzea doakoa izango da baina borondatezko ekarpen ekonomikoak egiteko aukera jarri dute, azken hilabeteetako egoerak eragindako galera ekonomikoei aurre egin eta kontzertuaren gastuak kubritzeko. Jasotako dirua musika taldeentzat, teknikarientzat eta Jimmy Jazz aretoko langileentzat. Dagoeneko hasi dira doaintzak jasotzen, ekarpen ekonomikoa egiteko hurrengo estekaren erabili daiteke.
Hala Bedik ere bazkide kanpaina berria jarri du martxan Covid-19ak sortutako egoerak eragindako kalte ekonomikoei aurre egiteko. Pandemiak bertan behera utzi ditu Arabako Komunikabide Librearen diru iturri naugietako batzu eta horren aurrean komunitatea eta babes sarea handitzeko apustua egin du. Halabelarri izateko webgunean eskuragarri dagoen fitxa betetzea besterik ez dago.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!