Kriminalizazioa salatu eta auzo mailan erantzun diote Urtaran eta Gobernu talde “piromanoari”
Judimendiko txosna batzordeko kideek, merkatariek, auzokideek eta tabernariek batera eman dute aurpegia pairatzen ari duten “muntai politiko-mediatikoa” salatzeko. Jaiak modu herrikoian antolatzen dituztela azaldu dute, lan guztia auzo elkartetik haratago doala argudiatuz. Gai polemikoena modu sinplean azaldu dute: “Omenaldirik ez dago eta ez da egon. Noiz da? Nola deitu zaio?”, galdetu diote Urtarani.
Txosnak irekitzeko ordu gutxiren faltan eta hauek muntatzen egon behar zirenean, aurpegia ematera derrigortuak sentitu dira Judimendiko auzokideak. “Muntai politiko-mediatikoa” salatu dute auzokideek, herritik eta herriarentzat antolatzen diren jaiak ospatu gabe saiatu direlako. “Aurrera egitea erabaki dugu”.
Txosna Batzordeko kideek, auzokideek, tabernari eta merkatariek modu bateratuan eman duten prentsaurrekoan, auzoko jai batzordean auzo elkarteaz gain beste hainbat eragile eta norbanako daudela argitu dute: “Horietako batzuk auzo elkartearekin elkarlanean antolatzen dira. Beste asko, eragile zehatzek antolatzen dituzte eta egitarauan sartzen dira”. Azken hauek erakunde zehatz horrek antolatzen eta finantzatzen dituela azaldu dute, asanbladan koordinatuz.
Hori argituta, Judimendiko auzo elkarteak jasotako diru-laguntza batzordearen osotasunak antolatutako ekintzak bakarrik antolatzeko erabili du. “Jakin badakigu Udalak ondo dakiela hori“. Kontzertuak umeentzako ekintzak, gargantua, tortila txapelketa… jarri dituzte adibide gisa.
“Piromanoak izango balira bezala”
Hitz hori erabili dute Gorka Urtaranen eta Gobernu taldearen jarrera salatzeko: piromanoak. “Guk, sua San Juanak pizteko nahiago dugu”, erantzun diete. Udalak, zenbait hedabidek eta epaitegiek “artifizialki sortutako kanpaina bat jarraitu baino ez dute egin, asmo txarreko berriak eta iritziak auzo elkartearekin kontrastatu gabe”. Izan ere, zabaldutako informazio guztia auzo elkartearekin ez dutela kontrastatu baieztatu dute Gasteizko Udaletik.
Omenaldirik ez dago eta ez da egon, egitaraua begiratzea baino ez dago. Hala ere, Udala temati azaldu da gaiarekin. Hori dela eta, hainbat galdera luzatu dizkiote Gorka Urtarani: “Noiz da? Ze ordutan? Nola deitu zaio? Kartela bat ekarri dugu ondo begiratu eta barregarri geratzeari utz diezaion”. Zentzu honetan, jai batzordearen eta auzo elkartearen lana jarri dute balioan, “urteko 365 egunetan ari delako lanean”.
Aldizkariari dagokionez ere esan dituzte esan beharrekoak. Honek jaietako antolaketarekin zerikusirik ez duela jakinarazi dute, eta auzo elkarteak hau kendu izana errespetatu dute.
Sakabanatuta dauden hiru auzokide falta dira
“Hori da errealitatea, hiru auzokide sakabanatuta daude”. Hau ikusarazteko, euren egoera salatzeko eta euren senideei elkartasuna adierazteko prest dauden horiek “eskubide osoa” dutela uste dute. “Pertsona bakoitzak pairatzen duen saminari errespetu osoa adieraziz, sakabanaketa politika salatzea zilegi eta guztiz beharrezkoa dela deritzogu. Gainera, adierazpen askatasun ariketa bat ere bada”
Horregatik guztiagatik, Udalaren esanen gainetik, ostegunean auzoko jaiak hasiko dira eta bertan parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak. “Dantza egin, abestu, bazkari/afariak eta proiektuak konpartitu ditzagun, eta aldarrikapenak errespeta ditzagun”.
Agerraldia, eraso sexistarik, arrazistarik, homofoborik edo bestelako erasorik gabeko jaiak nahi dituztela gogoraratzeko baliatu dute.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!