Klase batasunerako deia egin du GPS-k Euskal Herriko gazte prekarioen taldeekin bat eginez
Maiatzaren lehena ate joka dago eta Euskal Herriko gazte prekarioen talde desberdinak elkartu egin dira klase batasunerako deia egin eta egitarau bateratua aurrera ateratzeko. Gaur, apirilak 30, eta maiatzaren 2an solasaldiak eskainiko dituzte internet bidez.
“Konfinamendutik klase batasunera” lemapean Bilboko ERAGIN, Nafarroako GPA eta Ezkerraldeko HARIAN gazte prekarioen eragileekin bat egin du GPSk, Gasteizko Gazte Prekarioen Sareak. Maiatzaren lehenaren testuingurua baliatuta egitarau bateratua antolatu dute eta internet bidezko bi hitzaldi eskainiko dituzte. Mezu argi bat azpimarratu nahi izan dute: “krisia aberatsek ordaindu dezatela”.
“Salbuespenezko une batean gaudela” adierazi dute maiatzaren 1aren testuinguruan elkartutako lau eragileek. Salbuespen hori alarma egoerak ez ezik urte luzez pairatutako prekarizazio prozesuari lotuta dagoela azaldu dute eta ez dutela egoera hori normalizatzeko asmorik aldarrikatu dute.
GPSk, ERAGINek, GPAk eta HARIANek uste dute krisi ekonomiko berriaren aitzakiapean emango diren soldaten eta eskubideen murrizketen edota etxegabe berrien mehatxuaren aurrean “batasun giroa” sortzeko unea dela: “konfinamendu honek kontzienztia kolektibo bat garatzeko abagunea eskaini digu”.
Egitarau bateratua
Bi hitzaldi eskainiko dituzte internet bidez maiatzaren 1eko testuinguruan. Gaur bertan, apirilak 30, eskainiko dute lehenengoa, arratsaldeko 19:30etan. “Gure birusa: Kapitalismoa?” izenburupean gazte langileen prekarizazio prozesua izango dute aztergai.
Maiatzaren 2an, arratsaldeko 18:30etan, krisi berriari aurre egiteko gakoak mahai-gaineratuko dituzte Maddalen Doradorek (LAB), Fernando Villarek (CNT) eta Garbiñe Espejok (CCOO).
Bi solasaldiak lau eragileen Youtube kanalean zuzenean ikusi ahalko dira.
😷Hilabete hauetan distantzia sozialari eutsiko diogu, baina urruntze hori batasun bihurtuko dugu.
🤝🏾Porque tus problemas son los míos al igual que los míos son tuyos.#KonfinamendutikKlaseBatasunera! pic.twitter.com/tqu69ER5tp— GPSgasteiz (@gpsgasteiz1) April 28, 2020
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!