Kalitatezko arreta goiztiarraren eta integralaren aldeko kontzentrazioa egingo dute bihar
Arreta goiztiarreko zerbitzua kudeatzen duen Apdema Elkarteko enpresa-batzordeak deitu du elkarretaratzea, Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak inposatutako murrizketen aurka. Bat egiteko eskatu die "egoera hori pairatzen duten familiei".
Arreta goiztiarreko zerbitzua garapenean nahasmenduak dituzten edo horiek izateko arriskua duten zero eta sei urte bitarteko haurrak artatzen dituen foru-zerbitzua da, Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen (GOFE) erantzukizunekoa eta finantzaketakoa, eta Apdema Elkarteak kudeatzen du lankidetza-hitzarmenen bidez. Apdemako langileen arabera, bizitzako lehen urteetan esku-hartzea funtsezkoa da haurren eta haien familien garapenerako eta etorkizunerako, eta arreta goiztiarreko profesionalaren figurak lan integrala eta lankidetzakoa garatzen du hainbat mailatan: haurra, familia, lehen haurtzaroko zerbitzuak eta komunitatea.
Joan den urrian eman zuten jakitera irailaren 1etik aurrera, GOFEk saioen kopurua handitu ziola profesional bakoitzari, “esku-hartze eraginkorra bermatzeko beharrezkoa den zeharkako arreta nabarmen murriztuz”: haur bakoitzeko 60 minutu izatetik 12 minutu izatera igaro da. Neurri horrek nabarmen kaltetuko du familia erabiltzaileei ematen zaien arreta, langileek salatu dutenez.
Izan ere, arreta goiztiarra “ez da soilik zuzeneko arreta saioetan” oinarritzen. Azaldu dutenez, beharrezkoa da “zeharkako arretarako” denbora, lana haurraren ingurune osora zabaltzeko eta koordinatzeko: familia, hezkuntzako profesionalak, medikuak, jarrera-egokitzapenak, saioen prestaketa, materialak, eta beste hainbat alor dira kontuan hartu beharrekoak.
Haurren esku-hartzean “funtsezko funtzioak betetzeari utziko zaiola” ohartarazi dute Apdemako profesionalek: “zeharkako arretak berekin dakar haurrei arreta emateko funtsezkoak diren hainbat ekintza egitea, baina Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak arreta hori murriztea eta Arreta Goiztiarraren azken helburuak ez betetzea erabaki du”.
Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak ezarritako murrizketen ondorioz haur eta familia erabiltzaileen eskubideei dagokionean “atzera pausua” emango dela salatu dute, esku-hartzearen kalitatean eragin handia izango duelako.
Gai horri helduko zaio Arabako Batzar Nagusien Osoko Bilkuran azaroaren 24an eta, egoera salatzeko, Apdemako enpresa batzordeak elkarretaratzea egingo du Probintzia Plazan, 11: 45etan. Mobilizazioarekin bat egiteko eskatu die “Egoera hori pairatzen duten familiei” ere.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!