Kalean da Iskanbila Editorialaren lehenengo alea
“Hartuemana” liburuxkak kritika eta autokritikaren kulturan ekarpena egitea du helburu.
Iskanbila editoriala jaio da, “editorial herrikoi eta xumea” sortzaileen hitzetan, eztabaida eta formakuntzaren arlotik ekarpena egiteko asmoarekin. Hilabeteetako prozesuaren ondoren aurkeztu dute proiektua, “ideien gudan” sakontzeko, eta Euskal Herrian gaur egun puri purian dauden eztabaidak elikatzeko. Iskanbilaren asmoa elkarrizketa sakonak, formakuntza politikorako testuak, itzulpenak eta bestelakoak eskaintzea da.
Lehenengo alea: “Hartuemana”
Editorialaren lehenengo alea aurkeztu dute: “Hartuemana, kritika eta autokritikaren bitartez kidetasunean sakontzeko tresna”. Kritika eta autokritikaren garrantzia aztertzen da bertan, mugimendu iraultzaile ezberdinen esperientzietan oinarrituta. Proposamen praktiko bat ere badakar, militantzian eta kideen arteko harremanetan horrelako dinamikak garatzeko laguntza gisa.
Liburuxka hau Errekaleorreko Herri Inprentan ekoiztua izan da. Hala Bedi Tabernan erosi daiteke, euro baten truke. Oraingoz “Hartuemana” bakarrik aurkeztu badute ere, tarteka Iskanbilaren ale berriak argitaratuko dituztela aurreratu dute, gai ezberdin bat landuko du atal bakoitzak.
Editorialeko kideekin kontaktuan jartzeko emaila ere jakinarazi dute, iskanbila@protonmail.com helbidean topatu daitezke, galderak edo iradokizunak egiteko: “Har ezazu zure iskanbila eta gogoratu: Irakurri eta pasa!”
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!