Kaleak hartu dituzte Kristau Eskolako eta IZEAko langileek
Kristau Eskolako eta IZEAko langileek bigarren greba eguna izan dute urriaren 10ean, asteazkenean, “enplegua bermatzeko eta lan baldintza prekarioei aurre egiteko”. Duela hamar urteko lan hitzarmena berritzea eskatu dute Gasteizko manifestazioan, baina patronalek negoziatzeko inongo borondaterik ez dutela azaldu dute.
Martxoko eta maiatzeko mobilizazioen ostean, grebara bbueltatu dira astearte eta asteazken honetan Kristau Eskolako eta IZEAko langileak. Gasteizko manifestazioa asteazkenean izan da, Vera Cruz ikastetxetik abiatu dena. Duela hamar urtetik hitzarmena berritu gabe, eroste ahalmenean %10etik gorako galera dutela eta lan baldintzak eta lan-kargak gero eta prekarioagoak direla salatu dute langileek, baina patronalak “erabateko inmobilismoan” jarraitzen duela, entzungor.
Nagusiki, honakoak dira eskaerak: enplegua bermatuko duen akordio bat, eroste ahalmena berreskuratzea, langile guztien lanaldia erregulatzea (irakasle ez direnak barne), eta prekarizatuen eta feminizatuen dauden Hezkuntza-laguntzako espezialista zein Haur Hezkuntzako lehenengo zikloko langileen lan baldintzak hobetzea.
“Patronalek ez dute zirkinik ere egin, negoziazio-mahairako deialdirik egin gabe daude eta eskakizunetako bati ere ez diote erantzun”, diote STEILAS, LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek. Horregatik, “Gizarte ekimeneko ikastetxeak borrokan” lelopean, mobilizazioekin bat egitera deitu dute sindikatuek, patronalak negoziatzera eser daitezen presionatzeko.
Gasteizko manifestazioa asteazkenean izango da, urriaren 10ean: 11:30ean aterako da Vera Cruz ikastolatik.
Azaroan beste lau greba-egun aurreikusi dituzte, 27tik 30era.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!