Judimendi ikastetxeko klaustroak gogor egin du Osakidetzaren eta Hezkuntza Sailaren aurka
Judimendi ikastetxea Covid-19 agerraldi baten ondorioz itxi ostean, irakasleek Hezkuntza Sailari bidalitako gutunaren berri izan du Hala Bedi-k. Protokoloko gabeziak eta Osakidetzaren utzikeria salatu dute: "Ezin dugu ikastetxe bat itxi Osakidetzak bere lana ondo egin ez duelako".
“Lerro hauen bidez, gure eskolan, Judimendin, gertatutakoa azaldu eta gure ezinegona azaldu nahi dugu. Azken egunotan oso egoera kezkagarria bizi izan dugu. […] Ikastetxeak zorrotz jarraitu eta bete duela protokoloa, nahiz eta ikastetxeak ezohiko neurriak hartu behar izan dituen protokolotik kanpo, askoz ere kutsatze larriagoa gerta ez zedin; ikastetxearen ekimenez, sei gela etxera bidali behar izan ditugu prebentzioz, Osakidetzak zioelako ikasgelek ez zutela miaketarik behar, horietako bakoitzean bi eta hiru kasu positibo baieztatu direnean. Zentroak hartutako neurriei esker, kutsatze gehiago saihestu dira. Egoera horren kudeaketa oso zaila bihurtu da, aurkitu ditugun zailtasun guztiengatik”.
Horrela hasten da Judimendiko irakasleek sinatu duten gutuna, klaustroaren izenean Jokin Bildarratz hezkuntza sailburuari helarazi diotena. Izan ere, otsailaren 3an, asteazkenean, Judimendi ikastetxea itxi dute Covid-19 agerraldi baten ondorioz, baina orduek aurrera egin ahala, irakasleek ahotsa altxatu dute eta egun eta aste hauetan jasan behar izna dutena gaitzetsi dute.
Protokoloaren gabeziak
Irakasleek jarraitu behar izan duten protokoloa gogor kritikatu dute: “Adibidez, ez dago miaketarik kasu bat asintomatikoa bada eta astelehenean positibo ematen badu; izan ere, soilik 48 ordu lehenago hasten da miaketa bera. Gure kasuan, adibide hau lau ikasgela ezberdinetan eman da”, ESI-ak, Osakidetzak, irakasleei eman dien erantzuna bestelako izan da: “Ez dago arakatu beharrik”.
Salatu dutenez, protokolo hau urritik hona ez dago eguneratuta eta Osakidetzaren aldetik ez dago prebentziozko konfinamendurik, nahiz eta ikasgeletan kutsatu daitekeen miatu gabeko kontaktu estuak egon. “Gainera, ez dago Covid koordinatzaileentzako prestakuntza edo aholkularitza espezifikorik, protokoloa bidaltzeaz gain”, gaitzetsi dute.
Komunikazioar dagokionez ere, Osakidetzara azkar deitzeko telefono bat ez egotea kritikatu dute, askotan, kasu asko komunikatzeko zailtasunak dituztela nabarmenduz. “Hori gutxi balitz, behin miaketa eginda, ez digute kontaktu estuen emaitzen berri ematen”.
“Ezin dugu ikastetxe bat itxi Osakidetzak bere lana ondo egin ez duelako”
Orain, “Osakidetzak hain gaizki eta irizpiderik gabe hartutako erabakiek” baheketa masiboa egitera behartu dituzte irakasleak eta ikasleak.
Baina gutuneko zatirik gogorrena eta kritikoena amaierarako utzi dute: “Gure ikastetxeko egoerak gainezka egin du, lehen kasuak ez baitziren azkar eta arduraz aztertu. Horregatik guztiagatik sentitu gara babesik gabe eta oztopo askorekin, egunero ikusten ari ginen kutsatze kopuru handiaren egoera irauli ahal izateko, eta ezin izan dugu abandonu sentsazioa izan, presaka eta behin eta berriz, eta norberaren ekimenez, ikastetxeko langile guztiei baheketa masiboa eskatzeraino”.
Zentzu horretan, azpimarratu nahi izan dute zentroko langileek “%100a” eman dutela egoera kontrolatzeko eta kutsatze gehiago saihesteko.
“Azkenik, esan behar dugu ezin dugula ikastetxe bat itxi Osakidetzak bere lana ondo egiten ez duelako, irakasleok larrua uzten dugunean gure eta gure ikasleen osasuna zaintzeko”, amaitu dute.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!