Joko areto berri baten irekierak agerian utzi du, berriz, Gasteizek bizi duen errealitate lazgarria
Aurki zabalduko ditu ateak hiriko 37. apustu etxeak, Gasteiz Hiribideko 66. zenbakian, bi ikastetxetatik oso gertu. Gainezka egin duen errealitatea da joko aretoena Gasteizen.
Joko Aretoen hazkundeak ez du etenik. Duela aste gutxi zabaldu zituen ateak, berriz, Olagibel kaleko Joko Aretoak, Judimendiko Gzte Asanbladak piztutako borrokaren ostean ixtera behartua izan zena. Oraingo honetan apustu etxe berri bat inuaguratuko da Gasteizen, Hiribidean hain zuzen, hiriko 37. joko aretoa.
Gasteiz Hiribideko 66. zenbakian egongo da apuztu etxe berria, banketxe bat izandako lokalean, Hiribidean zabaltzen den mota honetako hirugarren negozioa da. Bi ikastetxeren artean zabalduko ditu ateak joko areto berri honek: Presentación de Maria eta Niño Jesus. Gainera, Landazuri Ikastola eta Santa Maria de Vitoria ikastetxea 450 metrotako distantziaria izango ditu ere.
Haziz doan errealitate lazgarria
Gainezka egin du errealitateak dagoeneko Gasteizen. Egun, joko areto bat dago 8.000 biztanleko, bi establezimendu auzo bakoitzeko bataz bestez. Mota honetako establezimenduen kopurua 37ra heldu da udaletxearen datuen arabera: 28 joko areto, 6 apustu etxe eta lokal barruan joko aretoa duten 3 bingo.
Erregulazio zorrotzik ere ez da existitzen errealitate honi aurre egiteko. Esaterako Euskal Autonomi Erkidegoan ez dago zehaztuta joko areto baten eta ikastetxe baten artean egon beharreko distantzia minimoa zein den. Joko aretoen artean mantendu beharreko distantzia, aldiz, zehaztuta dago: 500 metro.
Azpimarragarria da Txagorritxuko joko aretoaren egoera, Abendaño Ikastolaren parean baitago. Guraso elkartetik ikastetxe eta apustu etxeen arteko distantzia 300 metrotakoa izatea eskatzen dute. “Ulergaitza” da gurasoen aburuz Jaurlaritzak neurririk hartu ez izana.
Egoera atzerabueltarik gabeko puntura heldu da, mota honetako establezimenduak zabaltzeko limite legala gainditu baita; 210 joko areto daude EAEn eta apustu etxeentzako zazpi lizentzia bakarrik geratzen dira.
Gazteak jo puntuan, gazteak martxan
Gazteen artean geroz eta gehiago hedatzen ari da mota honetako establezimenduetara hurbiltzeko ohitura, adingabeak asko, legeak debekatu arren. Inkesta desberdinen arabera, 12 eta 22 urte bitarteko 3 gaztetatik batek jokatu du inoiz dirua. Jokoan aritzen diren gazteen %20a ludopata bilakatzen da eta gazte horien %2a adin txikikoa da, urtez urte haziz doan kopurua.
Gazteak izan dira, ordea, joko aretoen aurka mobilizatu diren lehenak, Judimendiko Gazte Asanblada kasu. Duela hiru urte ekin zioten bideari, denbora luze horretan Judimendiko elkarte eta sektore desbedinekin landu dute harremana “auzoa bere osotasunean joko aretoaren aurka posizionatuz”. Horrela sortu zen “Judimendik Joko Aretoari Ez!” dinamika eta iragan udan apustu etxeen aurka Euskal Herrian burututako lehenengo manifestazioa antolatu zuten.
Fruituak ere eman ditu herri mobilizazioak. Irailaren 27an prentsaurreko bidez iragarri zuten Olagibel kaleko joko aretoak ateak itxi zituela. Bi hilabete eman ditu itxita establezimenduak eta duela aste gutxi zabaldu dute berriz “auzoaren borondatearen aurka” Judimendiko Gazte Asanbladako kideek azaldu zuten bezala.
Judimendikoa ez da horrelako espazioen aurka aurrera eramaten ari den borroka bakarra. Gasteizko beste hainbat auzotan ere antolatzen hasi dira, Olarizuko Gazte Asanbladak “gazteok auzoa berpizten” dinamikan iragarri bezala. Gasteizetik kanpo ere ekintza desberdinak burutu dira joko aretoen aurka, hala nola Aiaraldean, dagoeneko mota honetako bi negozio dituen eskualdea.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!