Itaiak Etxeratze Kolektiboak eta erasoei aurre egiteko arreta telefonoa jarriko ditu martxan Gasteizko Jaietan
“Emakume langileek forma independentean gure babeserako bitartekoak eta indarkeria borrokatzeko bitartekoak sortu behar ditugu, eta antolakuntza hori elikatzeko asmoz, Etxeratze Kolektiboak eta erasoei aurre egiteko arreta telefonoa martxan jarriko ditugu”. Horrela aurkeztu dituzte Itaiako kideek Gasteizko Jaietarako abian jarri dituzten baliabideak, gaur eskaini duten prentsaurrekoan.
Etxeratze Kolektiboak erasoak ekiditeko eta etxera itzultzeko beldurrari aurre egiteko tresna dira. Honen bitartez, bakarrik itzuli nahi ez duenak forma antolatuan etxera lagunduta itzultzeko aukera izango duela azaldu du Itaiak. Era berean, lagundu edo ekarpena egin nahi duen oro ere bertaratu ahalko da. Abuztuaren 4, 5 eta 6an goizeko 03:00retan Faroloian izango dira etxeratze kolektiboak.
Bestalde, erasoei aurre egiteko arreta telefonoa ere izango du Itaiak. Erasoei “sozialki eta politikoki” erantzuteko tresna izango dela adierazi dute: aholkularitza juridikoa, akonpainamendua, emakume erasotuaren inguruarekin lanketa zein salaketa publikorako aukera eskainiko dute. Abuztuaren 5etik 10era, goizeko 10:00etatik 14:00ak arte telefonoa erantzuten arituko dira, dei zein WhatsApp bidez. Hau da zenbakia: 632898649.
Horrez gain, Itaiako kideek azaldu dute sexu-erasoen aurrean kontutan izan beharreko informazioa zabaltzen arituko direla.
Itaiaren proposamena “funtzio asistentzial bat izatetik haragokoa” dela esan dute emandako adierazpenetan, eta instituzioen hutsuneak betetzetik haratago, “erasoen aurrean antolatzeko garrantzia” azpimarratu dute. Indarkeria matxistari aurre egiteko beharrezkotzat dute “emakume langileen babeserako eta erasotzaileen aurkako borrokarako bitarteko geroz eta garatuagoak antolatzea, instituzioen fartsatik kanpo eta zapalkuntzarik gabeko gizarte bat eraikitzearen bidean”.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!