Igarki de Robles gasteiztarra eta beste 4 gazte independentista babesteagatik 23.663 euroko zigorra ezarri diete bi gazteri
Eleak Mugimenduak eta Libre dinamikak deituta, Esteban Orbegozo azpeitiarrak eta Beñat Hach Embarek ormaiztegiarrak agerraldia egin dute Loiolan (Gipuzkoan), beraien kontrako epaiketa salatzeko eta prozesuak eragin dituen “gastuei aurre egiteko laguntza eta elkartasuna eskatzeko”. De Robles gasteiztarra eta beste lau gazte independentista babesteko Herri Harresian hartu zuten parte biek.
Eleak/Libre mugimenduak deituta, 2014an Loiolako Herri Harresian atxilotu zituzten Esteban Orbegozo azpeitiarrak eta Beñat Hach Embarek ormaiztegiarrak agerraldia egin dute. Herri Harresi hartan, Igarki De Robles eta beste lau gazte independentista atxilotu eta espetxeratu zituzten, aurretik, 2010ean ere atxilotuak eta espetxeratuak izan ostean.
Loiolako Herri Harresian Orbegozo eta Hach Embarek atxilotu zituzteneko uneak gogoratu dituzte bertan: “Esteban eta biok Loiolako Askegunera hurbildu ginen gazte auziperatuei babesa ematera, eta beste herri harresietan gertatu bezala, Ertzaintza biolentzia handiz oldartu zen erresistentzia baketsua egiten ari ginenon aurka. Bortizki atera gintuzten Esteban eta biok harresitik. Beranduago jakin genuen ertzaina batek belaunean lesioa izan zuela jendea ateratzen ari zela, eta gure gain jarri nahi zutela ardura hura”.
Hasieran, atentatu kargua leporatu zieten Orbegozori eta Hach Embareki, baina agenteek grabatutako bideoak ikusi eta gero, ertzaintzak atentatu kargua kentzea erabaki zuen. Ertzainaren lesioa zela eta, berme bezala eta erantzukizun zibil gisa, 24 orduko epean, 21.500 euro inguruko fidantza ordaintzea eskatu zien epaitegiak. Akusazioak diru kantitate hori ordaintzea eta hiru urteko espetxe zigorra eskatu zuen Orbegozorentzat eta Hach Embarekentzat.
Hilabete batzuren ondoren izan zuten sententziaren berri, eta erresistentzia larria eta 1.200 euroko isuna eskatu zituzten bi auzipetuentzat.
Abokatuak adierazi du “ebazpenak kezka eta larritasuna sortzen” dizkietela. Zuzenbide arloko langile moduan, honek esan du protestan parte hartze soilagatik, “de facto errudun eta gerta daitezkeen ondorioen erantzule bihurtu” dituztela Orbegozo eta Hach Emberek. Eta gaineratu du, horrek ekintzen jabetza indibidualaren printzipioa “erasotu” egiten duela, eta “bide arriskutsua irekitzen” duela etorkizunean izan litezkeen protestak “kriminalizatzeari eta zigortzeari” dagokionez. Horrek, “noski, errugabetasun printzipioa bera ere kolokan jartzen” duela salatu du.
25.000 eurori aurre egiteko, kontu zenbakia
Bukatzeko, Eleak/Libre Mugimenduko kideek epaitegiek ezarritako zigorra “irmoki” salatu dute. Era berean, “beldurra galdu eta edozein poliziak eskubide zibilen eta politikoen aurka bideratzen duen errepresioaren kontra borrokatzera animatu” dituzte herritarrak. Aurrerantzean, herriz herri ekimen desberdinak antolatuko dituztela aurreratu dute, eta ia 25.000 euroko gastuari aurre egiten laguntzeko aurki kontu korronte zenbaki bat zabalduko dute: ES 65 3035 0006 84 0060022507.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!