Horma irudia egin dute Araba eta Bizkaia arteko mugan, Lekuek gidatutako prozesu parte hartzailean
Hiru aste behar izan dituzte Irantzu Lekue artista gasteiztarrak gidatutako azken horma irudia egiteko. Artea, euskara, generoa eta tradizioak bildu dituzte prozesu parte hartzailean.
Hiru aste eman dituzte Ubideko herritarrek herri sarreran dagoen putzuaren etxean horma irudi bat sortzen. Gasteizko Irantzu Lekue muralistaren gidaritzapean burutu den prozesu parte hartzailea izan da eta herriaren 174 biztanleen heren batek parte hartu du egunez egun etxe hau margotzen.
Ubide Araba eta Bizkaia artean dagoen herri txikia da. Herriaren sarreran Undurraga eta Legutioko urtegiak batzen dituen Sei Prima putzua dago eta bertan burutu dute artelana, auzolanean “sastrakak kendu ostean”. Agurtzane Bengoa Abasolo udal teknikariak azaldutakoaren arabera, oso pozik daude herritarren parte hartzearekin “batzuk hasierako ideia egiten aritu zirelako, beste batzuek murala margotu duten bitartean. Bakoitzak ahal izan duena eman du, ordutegi, eginbehar eta gogoen arabera hartu du parte baina giro aparta sortu du prozesuak”.
Artistaren hitzetan, “oso harrera ona izan du proiektuak hasieratik eta poz-pozik gaude bizi dugun guztiarekin. Ubideko herriari parte hartzea eskertu nahi diot. Baita zoriondu ere, lortutako emaitzagatik”.
Ubideko Udalak bultzatutako ekimen honek herritarren parte hartzea eta gizarte eraldaketa izan ditu ardatz, eta artea, euskara, generoa eta tradizioak izan dituzte kontutan. Irantzu Lekueren muralismoak mundua edertzea du helburu, “herritartasuna sortu eta sendotzearekin batera”.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!