Hizkuntza eskubideen urraketak ohikoak dira Gasteizko zerbitzu publikoetan: “Hilabetero jasotzen ditugu kexak”
Agurne Gaubeka Hizkuntz eskubideen Behatokiko zuzendaria Hala Bedi irratiko Hizpidea magazinean hizkuntza eskubideen urraketei buruz jardun du. Azaldu du, besteak beste, “ia hilabetero jasotzen ditugu Gasteizko Udalaren zerbitzuekiko kexak” behatokian.
Bi arazo identifikatzen dituztela azaldu du: batetik, zerbitzu zuzenetan hizkuntza eskubideak ez bermatzea; bestetik, Udalak azpikontratatzen dituzten zerbitzuetan ematen diren eskubide urraketak. Gizartetxeetako kultura eta kirol zerbitzuak, adibidez, azpikontratatutako enpresek kudeatzen dituzte.
Azpikontratatutako enpresa horietako askok, pleguetan euskara eskakizunak sartu arren eta jarduerak euskaraz iragarri arren, praktikan asko gaztelaniaz egiten ari direla azaldu du Gaubekak, abenduan jaso dituzten datuen arabera.
Adibide bat emate aldera, herritar batek komunikatutako kexa bat azaldu du behatokiko zuzendariak: urrian eman zuen izena euskaraz iragarritako kirol jarduera batean eta hiru hilabete eta hainbat kexa pasa eta gero, gaztelaniaz ari dira ematen jarduera.
Gasteizko Udalak neurriak hartuko dituela esan du horrelako kasuen aurrean, baina ez da aldaketarik eman oraingoz.
Hizkuntz Eskubideen Behatokia Euskal Herriko herritarren hizkuntza-eskubideez arduratzen da eta eskubide horiek Euskal Herri osoan, arlo publikoan zein sozioekonomikoan, babestera zuzentzen du bere jarduera.
Euskaraz bizi nahi duten herritarrak, arazoak topatzen ditu (batzuetan arazo handiak) nahi hori efektibo egin nahi izaten duenean. Horiek horrela, hizkuntza-eskubideen urraketen aurrean euskaraz bizi nahi duten herritarrei oztopoak gainditzeko laguntza eskaintzera zuzentzen du bere jarduera Hizkuntz Eskubideen Behatokiak. Zailtasunen aurrean herritarrei babesa eman eta euskaraz bizitzeko nahia egunerokoan eta praktikan errealitate bihurtzeko egiten du lan.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!