Hiru greba egun deitu dituzte sindikatuek Arabako metalean, maiatzaren 18an lehena
ELA, CCOO, LAB, USO, ESK eta CGT sindikatuek grebara deitu dituzte Arabako metaleko langile guztiak hiru egunez: maiatzaren 18an, 24an eta 26an. Asteazken honetan izango da, beraz, lehen greba eguna. Lau urtez blokeatuta egon den hitzarmenaren negozioazioa bultzatzea dute helburu.
Arabako Metalak hitzarmen duin bat behar duela argudiatuta eta, SEA patronalaren “inmobilismoaren aurrean”, ELA, CCOO, LAB, USO, ESK eta CGT sindikatuek grebara deitu dituzte Arabako metaleko langile guztiak hiru egunez: maiatzaren 18an, 24an eta 26an. Asteazken honetan izango da, beraz, lehen greba eguna.
Lau urte igaro dira Arabako metalaren sektorean hitzarmen berria negoziatzen hasi zirenetik eta, denbora horretan guztian, SEAk inmobilismoa besterik ez duela eskaini uste dute sindikatuek. “Patronalak ez du lanaldia txikitzeko edo subrogazio eskubiderako proposamenik aurkeztu eta ez du hitz egin nahi izan metaleko langileen eros ahalmenaz edo hainbat lan baldintza hobetzeaz”, esan dute gaur, maiatzaren 16an, egindako agerraldian.
Babes zabala
Grebara deitu duten sindikatuek sektorearentzako aldarrikapen zerrenda bat adostu dute eta mobilizazioak ere egin dituzte azken hilabeteetan, hitzarmen duina lortzea helburu. Azaldu dute egindako eskari eta mobilizazioekin “milaka langilek” egin dutela bat eta sinadura bilketa masiboak ere egin dituztela.
Gainera, dozenaka enpresa batzordek bat egin dute grebekin. Horien artean aipatu dituzte Mercedes, CIE Automotive, Inauxa, Atusa, Gestam Blogab Laser Araba, Aernnova, Burulan, TRPT, JEZ, Amurrio Ferroca, WEC, SDA Factory, Laminaciones Arregi, SNA Europe, edota Condesa Fabril.
Arabako Pentsionistak, Kirol Jarduerak, Ernai, Ikama, Judimendiko Gazte Asanblada eta Olarizuko Gazte Asanblada bezalako kolektibo eta mugimendu sozialen babesa ere jaso dute.
Aldarrikapen nagusiak
Hitzarmenaren negoziazioan, besteak beste, honakoa da sindikatuek eskatzen dutena: KPIaren gaineko soldata igoerak, 1.400 euroko gutxieneko soldatarekin 14 ordainsaritan, lanaldia nabarmen txikitzea, azpikontratetako langileentzako subrogazioa, kontratazio iruzurraren aurkako neurriak, behin-behinekotasuna eta malgutasuna mugatzea, berdintasun eraginkorra lortzeko neurriak, lan-osasuna bermatzeko neurriak eta baimenak hobetzea. Hitzarmena aplikatzeko bermeak ere eskatzen dituzte.
Deialdiak
Azpimarratu nahi izan dute Metaleko sindikatu guztiek luzatu dutela 3 greba egun hauetan parte hartzeko deia, nahiz eta sei diren formalki deitzen dutenak.
Arabako Metaleko sektoreko langile orori luzatu diete ekoizpena gelditu eta kalera ateratzeko deia Greba egunean langileak Mercedeseko 5:15etako informazio-piketean parte hartzera deitu dituzte eta, ondoren, manifestazio jendetsua egin nahi dute Bilbo Plazatik, 11:30etan. Sektorean lan baldintza duinak lortzea dute helburu.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!