Hezkuntza sistema aldatzeko mobilizazioak deitu ditu Ikamak martxoaren 29rako
Ikamako kideek azaldu dute "gizarteko beste esparru batzuk bezala, hezkuntza ere krisian dagoela" eta horregatik, egungo hezkuntza sistema aldatzeko, mobilizazioak deitu dituzte Hego Euskal Herriko hirietan, datorren asteartean. Gasteizen 12:00etan hasiko da Foru Plazatik eta Amurriokoa Herriko plazatik.
Mobilizazioak deitu ditu Ikama ikasle antolakundeak datorren astearterako, martxoak 29, Hego Euskal Herriko hirietan, Gasteiz eta Amurrio tarteko. Egungo hezkuntza sistema alda dadila eskatzen dute.
Azaldu dutenez, pandemiak ikasleek aurretiaz bizi zuten hezkuntzaren prekarizazio fasea azeleratu besterik ez du egin. Gizarteko beste esparru batzuk bezala, hezkuntza ere krisian dagoela uste dute eta horregatik, “egungo hezkuntza sistema aldatzeko”, deitu dituzte mobilizazioak. Izan ere, “sistema aldatzeko hezkuntza ezinbesteko tresna dela, eta hezkuntza sistema aldatzeko, ikasleria martxan egon behar duela” uste dute Ikamatik.
Azken urteetako etengabeko murrizketen ondorioz, ikastetxeetako egoera oso prekarioa dela baieztatu dute. Bestalde, hezkuntza esparruan ikasleek jasaten duten kontrola ere kritikatu dute: “ikasleoi betidanik inposatu zaizkigun kontrolerako mekanismoak pandemiaren aitzakiapean areagotu besterik ez dira egin; hala nola, sarreretako kamerak, Inika bezalako kontrolerako aplikazioak…”.
Testuinguru honetan ikasleek bizi dituzten gaitz psikologikoen aurrean neurririk hartu ez izana ere salatu dute. “Ez diete elkar zaintzeko bitartekoei garrantzirik eman”, berretsi dute.
Mobilizazioak martxoaren 29an
Mobilizazio guztiak 12:00etan izango dira. Araban, Gasteizkoa Foru plazatik eta Amurriokoa Herriko plazatik.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!