Hezkuntza euskaldun baten alde mobilizatuko dira ikasleak martxoaren 23an
Martxoaren 23an "Hezkuntza euskaldun baten alde" mobilizatuko dira Gasteizko ikasleak. Gazte Euskaltzaleen Sareak eta unibertsitateetako euskara taldeek deituta, 12:00etan Elurretatik hasiko da manifestazioa.
Gazte Euskaltzaleen Sarearen ekimenez, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan mobilizazioak burutuko dira Hezkuntza euskaraz izan behar da lelopean. Gasteizen, Elurretatik (Unibertsitateko campusetik) abiatuko da manifestazioa martxoaren 23an, eguerdiko 12:00etan.
Orain dela bi aste egin zuten manifestazioa iragartzeko agerraldia “hezkuntza euskaldun baten eskubidearekin bat egiten duten Gasteizko hainbat eragile eta norbanakok”.
Euskal Herriko ikasleek ikasketak aurrera eramateko orduan topatzen duten “trabaz beteriko bidea” salatu du, batik at, Gazte Euskaltzaleen Sareak. “Gasteizen euskaldun bezala bigarren mailako herritarrak bagara, hori areagotu egiten da gazte eta ikasle izateagatik; ikasketak osotasunean euskaraz egitea ezinezkoa dela esan daiteke, eskubide urraketa nabariak pairatzen ditugulako” azaldu dute.
Egoerari buelta emateko, “hezkuntza eremua aktibatu eta saretzeko beharra” azpimarratzen dute. Izan ere, euskaraz ikasi arren, ezinezkoa da hezkuntza prozesu osoa euskaraz egitea: “irakasle euskaldunen falta, euskarazko zerbitzu eza, euskaratu gabeko material didaktikoaren etengabeko erabilera, euskarazko ikasketen eskaintza eza… urtez urte pairatzen ditugun eskubide urraketak dira”.
Zentzu horretan, hezkuntza ereduari berari zuzendu diote kritika: “ez du funtzionatzen, ez du gure belaunaldia euskalduntzeko gaitasunik.”
Arlo horretan “besoak gurutzatuta gelditzeko prest” ez daudelako deitu dute manifestazioa, hezkuntza eredu euskalduna bermatu dadila aldarrikatzeko.
Zehazki, Gazte Euskaltzaleen Sareak eta unibertsitateko euskara taldeek eskatzen dute hezkuntza prozesu osoa euskaraz bermatuko duen irakasle eta langileen kontratazioa; eduki guztiak euskaraz egotea; hezkuntza eremua euskaldundu bat, paisaia linguistiko euskaldun osoa ahalbidetuko duena; eta Euskal Herrira egokitutako hezkuntza eredua eskaintzea.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!