Hezkuntza arloko greba dinamikaren hasiera baino ez
Martxoaren 14an eta 15ean unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoko langileak grebara deituta daude. Abenduko arrakastaren ostean, jarraipen zabala espero da, arlo ezberdinetako aste osoko mobilizazioak hasi aurretik.
ELAk, LABek eta Steilas sindikatuek markatutako greba egun ugari egongo dira datozen aste eta hilabeteetan Araban. Unibertsitatetik kanpoko hezkuntza publikoan egin diren protestak izango dira hauek, aurreko ikasturtean bezala. 2017ko abenduaren 12an, adibidez, Arabako unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoko langileen %80ak egin zuen greba.
Denek batera, hamaika mobilizazio egin dituzte eta egin zituzten ordutik: hiru greba hezkuntza publikoko sektore guztietan, sektorekako grebak, itxialdiak Arabako eskualde ezberdinetan, elkarretaratzeak… Orain, baina, batasun hori apur bat kolokan geratu da. LABek mobilizazio dinamika gehienak eten ditu, irakasleen sektorearenak ez beste guztiak: sukaldeak, garbiketa, haurreskolak eta heziketa berezia. ELAk eta Steilasek harridura agertu dute erabakia dela-eta, baita aurrera begirako zalantzak ere: hezkuntza publikoari dagozkion aldarrikapenetan adostasunik ez badago, batasun sindikalari eustea posible ote den galdetu dute.
Martxoaren 14an eta 15ean izango dira lehenengo bi greba egunak. Unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoko langile guztiak daude deituta greba egun hauetara. Irakasleak, heziketa berezikoak, sukaldariak, garbiketako langileak, haurreskolak… Deitu dituzte grebara ELA eta STEILAS sindikatuek, LABek, aldiz irakaslego osoko langileak besterik ez, Haur Hezkuntzatik hasita Bigarren Hezkuntzaraino.
Gauzak asko aldatzen ez badira, ekainaren 12an ere guztiek batera egingo dute greba. Baina sektoreka ere aste osoko lanuzteak egingo dituzte:
- Irakasleek apirilaren 23ko astean -ELA, LAB eta Steilas-.
- Heziketa berezikoek maiatzaren 7koan -ELA eta Steilas-.
- Sukaldeko eta garbiketako langileek maiatzaren 21ekoan -ELA eta Steilas-.
- Haurreskolakoek ekainaren 4ko astean -ELA eta Steilas-.
Guztira, martxoaren 14 eta 15eko greba egunetara Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 25.000 langile baino gehiago daude deituta.
Mobilizazioak
Martxoaren 14an, asteazkenean, EAE mailako manifestazioa egingo dute Gasteizen. 12:00etan hasiko da, Eusko Legebiltzarrean, eta Lakuako Eusko Jaurlaritzaren bulegoetan amaituko da. Ostegunean, aldiz, herrialdeka egingo dituzte manifestazioak; Gasteizkoa 12:00etan hasiko da, Bilbo plazatik.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!