Hertzainak-en azken kontzertua Gasteizen izango da, urtarrilean
Astebete joan da Hertzainak taldeak hasierako formazioa batu eta kontzertu-bira egingo zuela iragarri zuenetik; eta gaur eman dizkiote prentsari nondik norako zehatzak. Iñaki Igon Garitaonandia Gari gitarra eta ahotsean, Josu Zabala baxuan eta trikitian eta Luis Xabier Sainz Txanpi baterian izango dira taldea osatuko dutenak Azkena gure alde deitu duten agurrean.
Hirugarren agurra izango da hau 1993an taldea desegin zenetik, denetan azkena ustez, eta Gasteizen emango dute azken kontzertua, urtarrilean. Oraindik ez dute iragarri zein aretok hartuko dituen, baina kontzertua “bilduagoa” izango dela esan dute.
1981ean sortu zen taldea Araban eta bost disko kaleratu zituzten bi hamarkadatan: Hertzainak (1984), Hau dena aldatu nahi nuke (1985), Salda badago (1988), Amets prefabrikatuak (1990) eta Denboraren orratzak (1992). Britainiar punketik hasita, rocka, ska eta folka bezalako estiloak izan dituzte erreferente. Zaila da ulertzea euskal punk eta rock musika Ertzainak aipatu gabe, eta erraza gaur egun ere Ertzainaken kantak sarri entzutea. Agerikoa da hori, azken kontzertuen albisteak sortu duen ikusmira ikusita.
Bira honetan beste kontzertua 2022ko abenduaren 16an izango da Barakaldoko BEC-en. Urriaren 5ean jarriko dituzte Barakaldorako sarrerak salgai. Iragarri dutenez, baina, Kutxabankeko bezeroek lehentasuna izango dute sarrerak eskuratzeko: aurresalmentan erosi ahalko dituzte urriaren 4an, egun bat lehenago. Sare sozialetan harriduraz hartu dute batzuek aukera hori.
Banku jakin bateko bezeroek lehentasuna izanen dute Hertzainak-en kontzertuko sarrerak erosteko?
Ez dakit zenbat aldiz irakurri behar dudan esaldia asimilatzeko… https://t.co/YsTQWt6MD0— Ekhi Erremundegi (@EkhiErremundegi) September 29, 2022
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!