“Herriko zazpi lagun fusilatu zituztela jakin behar da”
Iñaki Resa eta Ekain De Olano Hipolito Ajamil Langraiz Okako okinaren senideak dira. Iruña Okako udalbatzan egon ziren, joan den astean, frankistek hil zuten senidearen memoria aldarrikatzeko.
Alea.eus bidez
Suminduta atera ziren bertatik, fusilatutako langraiztarren senideekiko PPk eta PSOEk erakutsi zuten jarrera “lotsagarria” ikusirik. Argi dute biek, Udalarekin edo gabe, omenaldia egingo dietela hildako zazpi lagunei, “zauriak ixteko”.
1936ko kolpe frankistan fusilatu zuten Hipolito Ajamil.
Ekain De Olano: 1936ko irailean etxetik atera zuten, eta Gasteizko espetxera eraman zuten. Hortik hilabete batera errekete edo falangista talde batek Ameyugora (Burgos, Espainia) eraman zuen, eta bertan fusilatu.
Iñaki Resa: Hipolitok okindegia zuen Langraizen, eta dena galdu zuten. Nire ama da Hipolitoren alaba, Langraiz Okan jaio zen, baina txikitan joan behar izan zuten Gasteizera amonarekin. Lau seme-alaba ziren eta oso trantze gogorrak bizi izan zituzten. Agirietan ere ez zuten jaso senarra hilda zegoenik, desagertuta zegoela baizik.
Ba al dakizue zehazki non hilobiratu zuten?
E.d.O.: Amak kontatu dit 2000. urtean Eusko Jaurlaritza hasi zela frankismoan fusilatutako lagunen datuak biltzen. Eta eskutitz bat bidali zuen bere aitonari buruz zerbait jakiteko. Horren ondorioz, gizon bat agertu zen esanez berak bazekiela Ameyugoko leize batean fusilatu batzuk zeudela, eta uste dugu Ameyugon dagoela.
I. R.: Badirudi leize batean hil zituztela, baina egun autobidea pasatzen da hortik. Obrak egin zituztenean agian zerbait topatuko zuten, baina ezkutatu egin zuten. Hobi komun hori hor dago, eta orain arte ez dute lortu ezer aurkitzea. Dena dela, amak DNAren lagina utzi du, etorkizunean zerbait aurkitzen badute konparatu ahal izateko.
Beste sei pertsona hil zituzten.
E.d.O.: Hainbat historiagilek jaso dituzte zazpi lagunen izenak. Aipatzen dute, gainera, Espainiako gerra baino lehen Langraiz Okan Errepublikaren etxe bat zegoela, eta pentsatzen dugu herrian aktiboenak izango zirela fusilatu zituztenak. Ez dakigu historia berdina izango zuten denek; soilik Pilar Ruiz de Austri ezagutzen dugu, aita eta anaia hil zioten.
Hildakoen memoria aitortzeko eskatu diozue Udalari.
I. R.: Gerra hasi zenean Langraiz Oka herri txikia zen, oso jende gutxi bizi zen. Orain jende asko bizi da, ez dira hemengoak, eta ez dute ezagutzen hemen gertatu zena. IruÒa Okako webgunea begiratzen baduzu ez da ezer jasotzen, aipatzen da kontzentrazio eremu bat egon zela, baina herriko jendea fusilatu zutela ez dute esaten, eta uste dut derrigorrezkoa dela zauri luze hau ixtea. Guk ez dugu eskatzen salaketarik, ezta epaitegietara joatea ere, baina herrian jendeak ezagutu behar du gertatu zena, eta izenak jakin behar ditu.
Zergatik orain mozioa?
E.d.O.: Pilar Ruiz de Austrik duela bi urte hitz egin zuen alkatearekin, eta zerbait egiteko eskatu zion. Alkateak baietz erantzun zion, zerbait egingo zutela. Zergatik ez da ezer egin, beraz?
I. R.: EH Bildu prest agertu zen gure eskaera ekartzeko, eta horregatik aurkeztu zen mozioa.
Zer gertatu zen udalbatzan?
I.R.: Kataluniari buruz, pentsioei buruz, hainbat gauzari buruz hitz egin zuten, baina gure proposamena iritsi zenean ez zuten eztabaidatu nahi izan, forma arazoak aipatu zituzten, eta atzera bota zuten mozioa. Lotsatuta atera ginen bertatik.
E.d.O.: Zinegotzi batzuen erantzunak oso mingarriak izan ziren, gaizki tratatu gintuzten.
I.R.: Argazkia nahi genuela leporatu ziguten!! Guk nahi duguna da zauri luze hau ixtea. Nire ama eta Ekainen amona zaharrak dira, eta kontu hau luzatzen bada, hilko dira, eta lekukorik gabe geratuko gara, ezin dugu onartu. Aitortu behar da mina eta sufritu dutena ere. Tristea da, ematen du historiaren zati bat ezkutatzen ari direla, eta ezin da onartu. Ez dira lagun bat edo bi, zazpi dira, herri txiki batean… ez da normala.
Zer egiteko asmoa duzue orain?
I.R.: Aitortza eta omenaldia egin behar diegu senideei, alkatearekin, zinegotziekin edo guk bakarrik. Omenaldia egiten badugu herriko jendea etorriko da, ziur. Jendeak jakin nahi du herrian gertatu dena. Niri esan didate Langraizko ikasleek: “IÒaki, ez genekien ezer honen inguruan, eskerrik asko; orain badakigu zer gertatu zen gure herrian orain dela 82 urte”.
E.d.O.: Udazken honetan Udalak ezer egiten ez badu, guk zerbait egingo dugu. Aitortza instituzionala izan behar da, baina zinegotzi hauen jarrera ikusita, oso susmo txarra dugu.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!