Herrietan zentratuko dute Martxoaren 8ko Greba Feminista Aiaraldean, eskualdeko mobilizazioa Urduñan izango bada ere
Larunbatean egin zuten martxoaren 8ko greba feminista aurkezteko agerraldia Laudioko Lamuza parkeko Kasinoan. Eskualdeko mobilizazioa Urduñan izango dela adierazi dute.
24 orduko greba izango da Martxoaren 8koa. Iazko mobilizazio arrakastatsuen ondotik, aurtengo egitarauak aurreratu zituen Aiaraldeko Mugimendu Feministak larunbatean eginiko aurkezpenean. Eskualdeko baterajotzeak 12:30ean eta 20:00etan izango dira. Aurreneko mobilizazio nagusiaren izaera herrietako asanbladek erabakiko dute; alegia, tokiaren araberakoa izango da jarduera. Arratsaldean elkartuko dituzte inguruetako emakume guztiak manifestazioan, Urduñan hain zuzen:
Martxoak 8 greba feminista! Emakumeok* kalera!
➡️ 12:30etan KALEAK HARTU eskualdeko herrietan!
➡️ 20:00etan ESKUALDEKO MOBILIZAZIOA Urduñako Foru PlazatikHeteropatriarkatu kapitalistari planto! Bizitzak erdigunera! pic.twitter.com/K37IdxK3ob
— Aiaraldeko Mugimendu Feminista (@AiaraldekoMF) February 2, 2019
“Greba feminista izango da, eta emakumeei bideratuta dago. Arratsaldeko mobilizazioan jende orok hartu ahalko du parte, beti ere protagonismoa -lehen lerroak- emakumeenak izango direlarik”, adierazi dute. Gizonezkoen ekarpena zein izan litekeen argitze aldera, eskuorriak banatuko dituzte bailaran zehar.
Asanblada parte hartzaileak
Urduñan, Amurrion, Laudion, Aiaran eta Orozkon egin dituzte orain arte bilera irekiak. Bertan mamitu dituzte grebarako bost ardatzak: hezkuntza, kontsumoa, lan mundua, pentsioak eta zaintza. Azken hau, baina, zeharlerro gisa jorratuko dute, eremu guztietan eragiten baitu. Datozen egunetan hitzordu gehiago egongo dira, eta horietan itxiko dituzte egitarauak. Horrenbestez, aurrerago emango dute programa zehatzaren berri.
Otsailaren 14an 18:30ean mahaingurua egingo dute Arespalditzako emakumeen gelan. Sistema heteropatriarkatu eta kapitalistak emakumeengan duen eragina izango dute hizpide, hezkuntza, kontsumoa, lan mundua, zaintza eta pentsionisten egoera aztertuta.
Albiste hau aiaraldea.eus-ek argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu Hala Bedirara. Jatorrizko albistea eta informazio osatuagoa hemen duzu ikusgai.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!