Herri-inauteriak antolatzeko lanean hasi dira Judimendin, komunitatea ehuntzeko
Judimendiko Batuta elkartasun sareak, auzoko beste hainbat kolektiborekin elkarlanean, inauterietako jaia antolatuko du otsailaren 25ean. Horretarako, bilera eta lan egunak egingo dira datozen asteetan.
Judimendiko Batuta elkartasun sareak hainbat ekimen antolatu ditu otsailerako, hilaren 25ean Arabako herri-inauteriak ospatzea helburu. Auzoko beste hainbat eragile ere batu dira ekimenera, AEK, Sumendi eta Auzo Elkartea tarteko. Kolektiboki antolatu nahi dute inauteri-jaia, “komunitatea ehunduz, elkarzainduz eta modu parte-hartzailean”. Bestetak beste, umeentzako txokoak, kalejira eta arabar txirigotak egongo direla aurreratu dute.
Prestaketa lanetan parte hartu nahi duenarentzako, badira kontuan hartzeko hainbat hitzordu. Otsailaren 9an, 19:00etan, inauteriak antolatzeko bilera orokorra egingo da auzo elkartean. Ordu eta leku berean, otsailaren 16 eta 23an, mozorroak egiteko guneak izango dira.
Arabako herri inauteriak eta lotura komunitarioak berreskuratu
Jai eta ospakizun herrikoiek, historikoki, harreman komunitarioak errotu eta komunitateko kideak elkarrekin lanean jartzea izan dute funtzio. Hori da Batuta elkartasun sareko kideek abiapuntu duten irakurketa, eta hori berreskuratzeko apustua egin nahi dute egun bizi dugun egoerari erantzuteko. Azaldu dutenez, izan ere, “egoera zaila bizitzen ari gara”, bai pandemiak eragindako “neke soziala” dela eta, bai egungo gizarte “atomizatu eta indibidualistak” bultzatzen dituen dinamika estrukturalen ondorioz ere: “etekin ekonomikoak guztiaren gainetik jartzea, natura edota pertsonon bizitzen gainetik ere, ohikoa bilakatu da”.
Testuinguru horretan antolatu nahi izan dute aurten Judimendiko eragileen artean inauterietarako ekimen kolektiboa: “herri-aratusteak lurrari lotzen zaizkio, amalurra zaindu eta gaitzak uxatzeko momentua baitira, izakion bizitzak posible egiten jarraitu dezan. Gainera, gazteen gorputzen hipersexualizazio garaiotan, estereotipoak hautsi eta rolak gainditzeko aukera paregabea eskaini nahi dugu”.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!