Helena Maleno babesteko deia egin du Ongi Etorri Errefuxiatuak Arabak
Elkarretaratzea egingo dute urtarrilaren 30ean Gasteizen Malenori elkartasuna adierazteko. “Ezin dugu onartu ez bera ez beste inongo ekintzaile kriminalizatuak izatea. Hain duinak eta hain beharrezkoak diren Sevillako suhiltzaileen ekintzak ere kriminalizatuak izan dira”, esan du plataformak.
Helena Maleno ekintzailearen aurka ireki den prozesu judizialak zabalpen handia izan du azken asteetan. Giza eskubideen defendatzailea da Maleno, ‘Caminando Fronteras’ kolektiboko ekintzailea, eta Itsas Salbamendukoei abisatuz jende askoren bizitzak salbatu ditu.
Hegoaldeko mugako migratzaileen egoera ikertzen egiten du lan, asiloa eskatzen dutenen alboan jarriz bere burua. Baina erreskatetarako Itsas Salbamenduari abisatzeagatik salaketa larria jarri diote: gizaki trafikoaren krimen nazioartekoa eta legez kanpoko immigrazioa. Marokoko epaitegi batek urtarrilaren 10ean deklaratzera deitu zuen Maleno; urtarrilaren 31n berriz ere dago deituta.
“Ezin dugu onartu ez bera ez beste inongo ekintzaile kriminalizatuak izatea. Hain duinak eta hain beharrezkoak diren Sevillako suhiltzaileen ekintzak ere kriminalizatuak izan dira”, gogoratu du Ongi Etorri Errefuxiatuak Araba plataformak.
Europako Batasuneko politika migratzaileen ondorioz, batez beste, Mediterraneo Itsasoan 13 lagunek galtzen dute bizitza egunero.
Hain zuzen ere, hori da Malenok behin eta berriz salatu duena: migratzaileen aurkako indarkeria polizial sistematikoa Baina judizialki jazarria izateaz gain, eskuin muturrak behin baino gehiagotan erasotu du Maleno. Orain, Espainiako Barne Ministerioak eta indar polizialek auzia Marokora eramatea erabaki dute, batere garantista ez den herrialde horretara, hain zuzen.
“Ezin dugu ahaztu Ministerio horixe dela asilo-eskubideari buruzko nazioarteko legeria errespetatzen ez duena, Europako Batasunak ezarri zion errefuxiatu-kopuru barregarri hori ere bete ez duena eta Melillan adingabeak bortizki hiltzen direnean mutu gelditzen dena”, salatu dute.
Babes elkarretaratzea
Helenari ezarri nahi dioten zigorra bizi osoko espetxealdia izan daiteke. “Alde batetik, defendatzaileak zigortu nahi dituzte eta, bestetik, errepresioaren beldurra zabaldu antolamendu kolektiboa ahultzeko”, salatu dute. Ongi Etorri Errefuxiatuak Araba plataformak Arabako herriari elkartasunerako deia egin dio, mobilizazio bat iragarriz datozen egunetarako.
Elkarretaratzea urtarrilaren 30ean izango da, asteartean. 19:30etan hasiko da Correos plazan, Gasteizko erdialdean. Horretaz gain, beste egun bat apuntatzeko deia egin dute. Otsailaren 13an, ‘Ahalduntze eta Berdintasun Eskola’ programaren barruan Malenoren hitzaldi bat aurreikusita dago Gasteizen.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!