Hauteskunde sindikaletara aurkeztu den langile bat kaleratu du Gamarrako McDonald’s-ek
Urriaren amaieran hauteskunde sindikaletara aurkeztu zen McDonald's-eko langilea eta azaroaren hasieran jaso zuen kaleratze-gutuna. Hiru urte zeramatzan enpresan lanean.
Azaroaren 3an kaleratze-gutuna jaso zuen Gamarrako McDonald’s-eko langile batek, urriaren 29an hauteskunde sindikaletara aurkeztuko zela jakinarazi ostean. Hiru urte zeramatzan enpresa horretan lanean eta ELA sindikatuko hautagaia zen.
Sindikatu horrek ohar batean jakinarazi duenez, kaleratzea judizialki erreklamatuko dute eta langileak dagokion lanpostua eta hauteskunde sindikaletako hautagaitza mantendu ditzan “borrokatuko” dute. Langileak enpresaren aldetik “presio handia” jasaten ari diren arren, hauteskundeak mantentzeko hautua egin du ELAk.
Azaldu dutenez, “langileak antolatu” eta “plantillari ahotsa emateko” ordezkariak aukeratzea da hauteskunde sindikalak egitearen helburua. Izan ere, eguneroko “kezka” dituzte langileek Gamarrako McDonald’s enpresan “ordutegi aldaketa etengabeak, laneko egutegirik ez izatea, lana eta familia-bizitza uztartzeko ezintasuna eta ordu osagarrien tratamendua”.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!