Harrera ona izan du ‘Errementari’ filmak, Sitgeseko jaialdian
Paul Urkijo zuzendari arabarraren lehen pelikula Sitgeseko zinema jaialdian aurkeztu dute.
Alea.eus bidez
Paul Urkijo zuzendari arabarraren Errementari pelikularen nazioarteko estreinaldia egin dute Sitgeseko Zinema Fantastikoaren Nazioarteko Jaialdian. Alex de la Iglesiak ekoiztutako filmak harrera ona izan du, eta lehendabiziko kritikak onak izan dira. Gainera, bere lehen saria eskuratu du, eta zinemari lotutako online hedabideen elkartearen aipamen berezia jaso du, banatzen dituen Urrezko Blogos sarietan.
Errementari zuzendari arabarraren lehen film luzea da, eta Kandido Uranga eta Eneko Sagardoy aktoreak dira pelikularen protagonistak. Urkijoren lanak Jose Miguel Barandiaranek 1903an idatzitako Patxi Errementaria ipuinean oinarritutakoa da, eta hainbat berezitasun ditu. Batetik, genero fantastikoaren aldeko apustua, eta euskal kutsu folkloriko eta historikoa du. Bestetik, euskara hutsean grabatu da, eta Araban hitz egiten zen euskalkia berreskuratu du.
Zehazki, XIX. mendean Araban hitz egiten zen euskara da erabili duena. Euskalki hori berreskuratzeko eta ulergarri egiteko, Koldo Zuazo hizkuntzalari eta ikertzailearen laguntza jaso du Urkijok. Arabako euskara liburuaren egileak euskalki horren ibilbide historikoa eta egungo euskararekiko duen aldea aztertu ditu, Gorka Lazkano itzultzailearen laguntzarekin.
Pelikula Arabako zenbait lekutan grabatu da, besteak beste, Korres, Antoñana, Kanpezu eta Miñaon. Bizkaian eta Gipuzkoan ere filmatu dira zenbat irudi.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!