[HALA BIDEO] “Gerrei ezetz” esan diete Gasteizen Bakearen eta Armagabetzearen aldeko Emakumeen Nazioarteko Egunean
Emakumeok Gerraren Aurka taldeko kideek elkarretaratzea egin zuten atzo Andra Mari Zuriaren Plazan.
Maiatzaren 24ean, asteazkenez, Bakearen eta Armagabetzearen aldeko Emakumeen Nazioarteko Egunean, kalera irten ziren Emakumeok Gerraren Aurka taldeko kideak, “gerrei ezetz” esateko. Gasteizko Andra Mari Zuriaren plazan bildu ziren, eta bertan adierazi zuten “haiekin jai dutela” gizarte militarizatu, patriarkal eta kapitalista honi eusteko.
Andra Mari Zuriaren plazako estatuan ekintza bat egitekoak ziren, kartelak jarri eta izena aldatu behar zioten estatuari, baina poliziak debekatu egin zien eta ezin izan zuten ekintza aurrera eraman. Hala ere protesta egin zuten estatua parean dozenaka emakumek.
Emakumeok Gerraren Aurka taldetik salatu zuten “segurtasuna aitzakiatzat hartuta” geroz eta gizarte bortitzagoak, militarizatuagoak eta berdintasunik gabekoak eraikitzen ari direla. Aldarrikatu zuten “euro publiko bat ere” ez dela joan behar industria militarra finantzatzeko. “Ez dugu konplize izan nahi” adierazi zuten.
Gerra eta militarizazioa ekartzen dutenen aurrean, aldarrikatu zuten feministak prest daudela “indarkeria ezatik alternatibak eraikitzeko.” Gastu militarrean murrizketa sustatzeko beharra aipatu zuten, eta “gure gizarteak eta gure buruak desmilitarizatzeko” prestutasuna azaldu zuten, ” bizitzak erdigunean” jarrita.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!