Gure Esku Dago Gasteizek hedabideen “intentzionalitatea” salatu du
Gure Esku Dagok Gasteizko tabernei “erreklamatutako” diru laguntzen inguruan zabaldu den informazioari erantzunez, mugimenduko kideek “gertatutakoa testuingurutik erabat ateratzen ari direla” salatu dute. Modu berean, euren kezka adierazi dute albiste honen atzean dagoen “intentzionalitatearen” aurrean.
Ekainaren 10eko giza-katearen aurretik, gutun bat bidali zieten tabernari ezberdinei. Gutunean argi eta garbi adierazten da dinamikari laguntza ematea “guztiz borondatezkoa eta hautazkoa” dela, baina zenbait hedabidek ez dute hau jaso. “Norbait deseroso sentitu bada, barkamena eskatzen diogu, inondik inora ez baita hori izan ekimenaren sustatzaileen asmoa. Nolanahi ere, neurriak hartuko ditugu halako gaizki-ulerturik errepika ez dadin”, adierazi dute ohar batean.
Argitu dutenez, ez diote behin ere inori laguntza ekonomikorik eskatu: “Izen-emateen eta merchandisingaren bidez finantzatu da %100ean igandeko giza katea”. Kasu konkretu hau era deskoordinatuan kudeatu dela azaldu dute, “Euskal Herrian festak, ekitaldiak, eta ekimen ugari finantzatzeko erabili ohi den formula bat jarraituz, nahiz eta Gure Esku Dagok ez duen bide hau erabiltzen“.
Momentu hau aprobetxatu nahi izan dute beste behin ere azpimarratzeko herri mugimendu independiente eta autofinantzatua dela Gure Esku Dago.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!