Gure Esku Arabak Pirinioetako Bidean parte hartzeko deia egin du, larunbatean, uztailak 2
Egunean zehar egingo diren jarduerak mendietan nahiz Euskal Herri osoko hainbat herritan egingo dira.
Erabakitzeko eskubidearen aldeko Gure Esku herritar plataformak, Kataluniako hainbat erakunderekin lankidetzan, datorren larunbatean, uztailak 2, Pirinioetako Bidea deituriko ekimena antolatu du. Ekimen horrek, gauez 300 tontorretik gora argiztatzea du helburu, Gironako Creus lurmuturretik Gipuzkoako Higer lurmuturreraino doan mendikate osoa lotzeko asmoz, Euskal Herriko eta Kataluniako herrien erabakitzeko eskubidearen aldarrikapen gisa.
Txartelak 20 euroren truke eskura daitezke hiru herrietan eta Gorbeialdeko Gure Eskuko taldearen bitartez: Laudion (Gure Eskuren lokalean 19:00etatik aurrera), Amurrion (Gure Eskuren lokalean 19:00etatik eta ostegunean Mendiko klubaren egoitzan) eta Gasteizen (Txapelarri Tabernan -Aiztogile 83- eta Gure Esku dendan -Aiztogile 71-). Gailur horiek edozeinek igotzeko modukoak dira eta izen emateari esker segurtasuna bermatu ahal izango dira momentu oro. Bertara joateko, ezinbestekoak izango dira kopeta-argia eta ordezko pilak, janaria, edaria eta beroki arropa. Argiztapen ekitaldia 21:45etik 22: 45era bitartean egingo da, eta herri bakoitzera ekitaldia amaitu bezain laster itzuliko da.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!