Grebara joko dute Arabako erresidentzietako langileek
Hiru lanuzte burutuko dituzte Arabako zahar etxeetan ELA, LAB eta CCOO sindikatuek deituta urriaren 7an, azaroaren 11an eta 25ean. Urtebete baino gehiago daramate, besteak beste, langile kopuru murritzari eta soldata baxuei aurre egingo dien hitzarmen kolektibo baten aldeko borrokan.
Gipuzkoako zahar etxeetako langileek bezala Arban ere grebara joko dute bertako langileek, ELA, LAB eta CCOO sindikatuek urriaren 7rako, azaroaren 11rako eta 25erako deitutako lanuzteetan. Lantokietan pairatzen duten babesgabetasun eta prekarizazio egoera salatuko dituzte greba egunetan, Covid-19ak eragindako pandemiak are gehiago areagotu duen prekarizazio egoera.
Lan-hitzarmena xede
Araba mailako lan-hitzarmena lortzea da erresidentzietako langileen xedea. Bide horretan, egoitza pribatuen sektoreko patronalen eta alderdi sozialen artean negoziazio mahai bat osatzeko azken urteko mobilizazioetan egindako eskaerek ez dute inongo erantzunik jaso.
Estatu mailako lan hitzarmena izanik Arabako adinekoen erresidentzietan indarrean dagoena, asko zailtzen du lan baldintza duinen negoziaketa. Bizkaia eta Gipuzkoako erresidentzietako langileen lan baldintzekin parekatzea dute helburu Arabako egoitza pribatuetako langileek. Bi herrialde hauetan mobilizazio luzeen ondorioz lortu dituzte soldaten eta lanorduen hobekuntzak besteak beste.
«Soldata baxuak eta lan karga handia» horrela deskribatzen dute sektore feminizatu honetako langileek euren eguneroko jarduna. Langile kopuru urriak gainera eginbehar konkretuak betetzeko kualifikazio falta suposatzen du. Sektoreak pairatzen dituen gabezia guzti hauek zentro txikietan «larriagoak» direla salatu dute, non familia-kontziliazioa «ia ezinezkoa den».
Arabako erresidentzietako langileek 997 euro gordin kobratzen dituzte Bizkaia eta Gipuzkoako langileek baino 200 ordu gehiago egiten dute lan urtean bataz beste. Gaixotu ezkero lehenengo lau egunetan ez dute ezer kobratzen eta 4. egunetik 20. egunera soldataren %60a, hortik aurrera soldataren %75 jasotzen dute.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!