Grebak Mercedesen larunbatetan ABEEak iraun bitartean, malgutasunaren abusuaren aurka
LAB eta ESK sindikatuek greba deialdiak egin dituzte Mercedes-Benz enpresan: "Onartezina da enpresak larunbatetan lan egin nahi izatea aldi baterako lan-erregulazioko aldian egonda".
Greba egunak deitu dituzte Gasteizko Mercedes-Benz enpresan ABEEan daudeneko larunbatetan, LAB eta ESK sindikatuek, malgutasunaren abusuaren aurka. Enpresak larunbatetan lan egin nahi izatea, ABEEan egonda, onartezina dela uste dute: “Enpresari fabrikako langileen bizitzak errespetatzeko exijitzeko unea iritsi da; eta bada garaia larunbatetako erabilera mugatuko duen hitzarmen duin bat negoziatzeko, sindikatuen gehiengoaren plataforman jasotzen den bezala”.
Salatu dutenez, hilabete asko dira enpresa hitzarmenak ematen dion malgutasuna abusuz erabiltzen ari dela. Hain zuzen ere, irailetik daude langileak, astez aste, ziurtasunez jakin gabe noiz egin beharko duten lan, “ezta noiz egongo garen gure ingurukoekin eta noiz bizi ahal izango dugun gure bizitza”. Enpresak ankerkeriaz jokatzen duela eta lantegian lan egiten duten pertsonen bizitza eta ingurukoenak axola ez zaizkiola erakusten duela uste dute.
Gogorarazi dute, gainera, testuingurua gogorra dela aurretik ere: zuzendaritzak 30 eguneko ABEEa ezarri zuela, Hitzarmenaren Negoziazio Mahaia blokeatu duela, malgutasuna are gehiago handitu nahi duela, 12 ordu arteko asteburuko lan eredu berri bat ezarri nahi duela eta kontratazio berriak are gehiago baztertuz. Egoera horretan eta ABEEan egonda, larunbatetan langileak aktibatzea onartezina dela uste dute sindikatuek.
LABen eta ESKren sail sindikalek langileei malgutasunaren gehiegizko erabileraren aurka protesta egiteko mekanismo bat eskaini nahi izan dietela azaldu dute. Horretarako, greba deialdiei eutsiko diete larunbat guztietan, aldi baterako lan-erregulazioak indarrean jarraitzen duen bitartean.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!