Greba Orokorrerako dei egin dute AP-1 autobidean egindako bide mozketan
Suzko barrikada batek bi noranzkoetan moztu du gaur goizean AP-1 errepideko zirkulazioa. Hala Bedik ekintzaren bideoa eta irakurketa jaso ditu, ekintzaileek urtarrilaren 30eko Greba Orokorrean "kaleak hartzeko" deia zabaldu dute.
Goizeko 8:00ak aldera, ezezagunek gurpil barrikada batez moztu dute AP-1 autobidea, Legutio eta Luku herrien artean. Suzko barrikadak auto ilara luzeak eragin ditu bi noranzkoetan eta trafikoa bi orduz egon da geldirik.
Hala Bedik ekintzaren bideoa eta irakurketa jaso ditu. Ekintzaileek urtarrilaren 30erako deitua dagoen Greba Orokorrarekin bat egin eta egun horretan kalera ateratzeko deia luzatu dute: “Herriak agindu eta gobernuak men egin behar du. Horregatik, estutu behar dugu, amore eman gabe. Aurrera egiteko garaia da!”
Indarrean dauden eskubide sozialak greben bidez eta frente guztietan borroka eginez lortu direla gogorarazi dute ekintzaileek. Pentsioen defentsan kalean dauden “aiton-amonen modura”, gazteak ere kalean “tinko” daudela azpimarratu dute idazkian, “etorkizun ilunaren aurrean, kaleak hartzen”.
Espainiar Gobernu berriak zer egingo duen esperoan ez eta “hemengo aldarrikapenei men egiten dioten eredu propio bat” behar dela aldarrikatu dute: “Kontzeptua argia da: pentsio, lan eta bizitza duinak”.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!