Greba ezberdinekin hasi dira Vithas ospitaleko langileak Gasteizen
Urriaren 17an egin zuten lehenengo greba eguna baina urriaren 25ean, azaroaren 2an eta azaroaren 6an ere greba eguna deituta dute. Polemikaz betetako ospital pribatua da Vithas, besteak beste, emakumeak diskriminatzeagatik.
Vithas ospital pribatuko langileek greba eguna izan zuten urriaren 17an, asteartean. Baina ez da lehena izango: urriaren 25ean, azaroaren 2an eta azaroaren 6an ere greba egunak planteatuta dituzte. Guztira, 200 langile inguru daude egun ospitalean lanean.
Hala ere, langileen artean ezberdintasunak daude grebari dagokionez. Izan ere, “La Previsora”-n lan egiten zuten langileek -ospitalari lotutako enpresa- abantaila batzuk dituzte, tartean, jubilazioagatik saria edo osasun txartela.
Langileek salatu dutenez, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan dauden ospitaleen artean, Gasteizkoa da soldata txikiena daukana. Horretaz gain, haien esanetan, “langileek beste ospitaleetan baino ordu gehiago sartzen ditugu hemen”.
Hori dela eta, “enpresak hitzarmen kolektiboa negoziatzeko duen borondate eza” ere salatu nahi dute grebarekin: abenduaren 31n amaitu zen hitzarmena, hamar urteko iraunaldia zuena. Enpresak planteatzen duena, soldatak igotzea da, baina enpresaren etekinen araberako igoera.
Lanorduei dagokionez, 1.700 ordu dituzte urtean. Lanordu hauek jaistea eskatzen dute, “bajengatik ere estaldura duinagoak” bermatuz.
Polemikaz betetako lantokia
LAB sindikatuak, irailean, langileak kontratatzeko enpresak erabiltzen duen hautaketa prozesua salatu zuen. “Emakumeak diskriminatzen ditu hautaketa prozesuak”, salatu zuen sindikatuak orain dela urte erdi. Vithas ospitaleak emakumeak kirurgia blokeetatik baztertzen dituela salatu zuen orduan LAB-ek: “Baldartasun eta abilezia-eza bezalako aitzakiak erabiltzen dituzte emakumeak albo batean uzteko”.
Gogoratu beharra dago, nahiz eta ospitale pribatu bat izan, osasun publikoak ere gune hau ere erabili dezakeela “egoera kritikoetan”.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!