“Gora Judimendi!” dinamika aurkeztu zuen atzo Judimendiko Gazte Asanbladak
Judimendiko Gazte Asanbladak 20 urte betetzen ditu aurten eta auzoaren alde lanean jarraitzeko helburuarekin "Gora Judimendi!" dinamika jarri du martxan. Diagnostiko bat abiatuko dute auzokide eta eragileekin Judimendiko gabeziei aurre egiteko.
Atzo, otsailak 9, aurkeztu zuen Judimendiko Gazte Asanbladak “Gora Judimendi!” dinamika, auzoko gazteak saretu eta auzo boteretik eta auzo bizitza indartzea helburu duten planteamenduei ateak irekitzeko: “Judimenditar izaeraren sentimenduaz harro sentitzea islatu nahi dugu!”
Koloretako piezek osatzen duten puzzle bat bezala irudikatu dute auzoa eta puzzle horretatik kanpo utzi nahi dituzte horren parte ez diren piezak, sistema kapitalista heteropatriarkalaren azal direnak alegia.
Auzoak eta auzotarrek bizi duten egoera salatu dute: Komertzio txikiak multinazional handien menpe egotea, gazteen biziak lan prekarioei lotuak egotea, Judimendik pairatzen duen etenik gabeko zaharkitze prozesua, emakumeek egunerokotasunean jasaten dituzten erasoak…
Guzti horren aurrean “gazte espazio euskaldun eta anitzen alde” egingo dutela azpimarratu dute Gazte Asanbladako kideek. Sumendi proiektua jarri dute horren adibidetzat “itotzen gaituen auzo eredu honetan, auzokideentzako arnas gune bilakatu dena”.
Dinamika martxan
“Gora Judimendi!” dinamikaren lehen pausoak emango dituzte hurrengo asteetan. Auzoa osatzen duten elkarte, eragile, auzokide eta kolektibo ezberdinekin harremanetan jarri eta Judimendiren inguruko diagnostiko bat osatuko dute, auzoak dituen gabeziei aurre egin eta indarguneak indarberritzeko helburuarekin.
Lehenengo lau piezak jarrita daude, orain zure txanda da!
Izan zaitez Judimendi, GORA JUDIMENDI! pic.twitter.com/cs3wNAAvz5
— JudimendikoGA (@JudimendikoGA) February 9, 2020
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!