Gure Esku Dago Gasteizek azaroaren 20ko asanbladan erabakiko du 2018an herri galdeketa egin edo ez
Judimendiko Gizarte-Etxean izango da asanblada irekia. 2018ko udaberrian, Zuian eta Aiaraldean herri galdeketak egingo dituztela baieztatu dute.
Asanbladari dagokionez, aurkezpen labur bat egin ostean, 2018. urtean Gasteizen herri kontsulta burutzearen gaia jorratuko da. Gure Esku Dagoko kideek Hala Bediri adierazi diotenez, “herri dinamika bat izanda, herriak erabaki behar du galdeketa egin edo ez”.
Zentzu honetan, gardentasunaren garrantzia azpimarratu nahi izan dute. Hori dela eta, asanblada irekia izango da azaroaren 20koa: 19:00etan Judimendiko Gizarte-Etxean (Orixe gelan).
Gogoratu dutenez, herritar guztiak daude gonbidatuta eta “proposamen guztiak kontuan hartuko dira”.
Hiru herri galdeketa egin dira orain arte Araban, hirurak Gorbeialdean: Aramaion, Legution eta Urkabustaizen. Aramaion, parte hartzeak %50a gainditu zuen. 2018. urteari dagokionez, udaberrian, Aiaraldean eta Zuian erabakitze eskubidea gauzatuko dute herri galdeketaren bitartez.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!