Gaztetxeko oholtza hartuko du berriz Muinoko Hotsak ekimenak
Larunbatean eskainiko du Muinoko Hotsak ekimenak ikasturteko lehen kontzertua, Dupla eta Mocker`s taldeak arituko dira Gaztetxeko oholtza gainean. Kontzertu gehiago iragarri dituzte.
Gasteizko Gaztetxeak eta Hala Bedi irratiak elkarlanean antolatutako “Muinoko Hotsak” egitasmoa gaztetxekoeszenatokira itzuliko da larunbat honetan, urriak 19; talde arabar batez eta kanpoko beste banda batez osatutako kontzertu bikoitzen ikasturteko lehenengo edizioa. Ikasturteko estreineko kontzertua larunbatean egingo dute, hurrengo kontzertu guztiek, ohikoa den bezala, ostiral gauak girotuko dituzte.
Dupla eta Mocker’s taldeak arituko dira oholtza gainetik. Dupla bikote aguraindarra “kultura berritzeko asmoz” dator, musika urbanoa ardatz duen proiektu berritzaile batekin. Mocker’s talde durangarrak, berriz, rock alternatibo soinuak ekarriko ditu Gasteizera.
Bigarren kontzertu bat ere iragarri du dagoeneko “Muinoko Hotsak” egitasmoak. Azaroaren 22an izango da, ostirala, Izaki Gardenak eta Occhi Di Farfalla bandak elkartuko dira Gaztetxean.
Soinua eta Irudia Arte Eskolan bat eginik
Bien bitartean Arte eta Ofizio Eskolan aurreko edizioetako kartel, argazki eta sarreren erakusketa antolatu dute “Muinoko Hotsak-eko” lagunek. Urriaren 31ra arte egongo dira erakusketako ateak zabalik.
Dagoeneko dozenatik gora dira “Muinoko Hotsak-ek” antolatutako kontzertuak. Besteak beste Sumision City Blues, Anari, The Dealers, Joseba Tapia, Inoren Ero Ni, Vicepresidentes, Moonshakers, Kabbalah, Willis Drummond, Kaskezur, Joseba B. Lenoir, Libe, Anestesia, Lumi, eta beste hainbat igaro dira Gaztetxetik.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!