Gazte sortzaileen inguruko ‘Orainaldian’ dokumentala Florida zinemetan aurkeztuko dute
Gasteizko 12 gazte sortzaile ditu hizpide Gindi Auzmendi, Mikel Buruaga eta Iñaki Landaren ‘Orainaldian: laissez faire’ dokumentalak. Maitzaren 30ean aurkeztuko dute Florida zinemetan. Sarrerak Hala Bedi Tabernan eta ARTgia-n eskuratu daitezke. “Gasteizen artista eta sortzaileen belaunaldi berri bat dagoela ondorioztatu dugu: emakumeen presentzia nabariarekin eta euskalduna den belaunaldia”.
Urtebeko lanaren ostean, maiatzaren 30ean aurkeztuko dute Gasteizko Florida zinemetan ‘Orainaldian: Laissez Faire’ dokumentala Gindi Auzmendi, Iñaki Landa eta Mikel Buruaga kazetariek “ikus-entzunezko proiektu esperimentala da”. “XXI. mendea: etengabeko fluxuaren aroa. Baumanen gizarte likidoaren aroa, Trumpek pertsonifikaturiko postegiarena, Europara iristeko emigranteen ihes masiboarena. Etengabeko fluxuaren aroa. Salgaiena, informazioarena, pertsonena. Dena nahasten da. Segundo bakoitza errealitate berrien sorkuntzaren lekuko da. Kulturak beren muga zaharrez harago doaz, malgutu beharrean daude, egokitu. Munduko edozein lekutako ezagutza eta esperientziak hedatu eta aldatu egiten dira. Eta… zer gertatzen ari da Gasteizen? Zer gazte sortzaileen inguruan? Belaunaldi berri bat ote dago?”, geldegin du Gindi Auzmendik.
Orainaldian proiektu esperimentalak hiriko kultur sorkuntzari erreparatzen dio. Gasteizen sortzen ari denari. “Ertzetan, ofizialak ez diren zirkuituetan, kultura-kala “alternatiboetan”. Baina ekimenaren berrikuntza, balio erantsia, ikuspegi berri, desberdin eta integratzailetik egitean datza”, azaldu du Iñaki Landak. Arreta tradizionalki kulturari lotutako pertsonengan jarri beharrean, “gizona, zuria, 40 eta 50 urte bitartekoa, kulturan bere modus vivendia duena” deskribapenaren araberako pertsonengan edo ibilbide esanguratsua duten artista entzutetsuengan, Gasteizen bizi eta lan egiten duten gazteen egungo sorkuntzari erreparatzen dio. “Logika irauli nahi izan genuen honela. Kontaketa, errelatoa beste perspektiba batetik eraikitzeko, beste perspektiba batetik hasi ginen eta belaunaldi berri eta indartsu bat dagoela ondorioztu dezakegu: euskalduna, emakumeekin eta oso sortzailea”, azaldu du Landak.
Orainaldian kontaketa esperimental eta subjektiboa da, “jauzia eman eta sortzea erabaki duten gazteen adierazpen artistikoaren bizipena aztertzea xede” azpimarratu du Mikel Buruagak. Gazte ekintzaileak dira -ideiatik ekintzarako urratsa egiten dute-, kultur sortzaileak. Horrexegatik “laissez faire” azpititulua, liberalek bere egina, “utzi egiten” esan nahi duena. “Azpitituluak proiektu honen funtsa biltzen du. Ideia sortu zen “Gasteizko Kultura alternatiboaren mapa” delakotik, zeinak Gazte Sortzaileak beka irabazi zuen, eta haren garapena dakar, hobekuntza, Gasteizko gazte eta sortzaileei ahotsa emanda”, azaldu du Mikel Sáez de Buruagak. Hausnarketa honetatik jaio zen proiektua: “Ados, dagoeneko badakigu zein tokitan jaiotzen den kultura… orain, zergatik ez diegu erreparatzen kultur sortzaile diren gazteei? Zergatik ez ditugu ikusgai jartzen?”, aipatu du Landak.
12 dira dokumentalak biltzen dituen protagonistak: Ane Gebara ipuin kontalaria, Mikel “Kttulu” Cosmic Tentacles jaialdiaren sortzailea, Beñat Goitia musikaria, Paul Urkijo eta Izaskun Urkijo zinegile eta arte zuzendaria, Irantzu Lekue artista eta muralista, Iker Fidalgo arte kritikaria, Frik1 eta Ojodekuervo grafitigileak, Gasteizko Hardcore Crew-ko kideak, Lurburu talde artistikoko kideak, Eider Bernaola argazkilaria, Reina Ginolanda idazlea eta Nerea Mauleon ilustratzailea.
Millennial-en belaunaldia
Orainaldian proiektuaren ardatza “ni-ni” esamolde ospetsuak estigmatizaturiko belaunaldia da, eta baieztapen hori diskurtso bidez kontrastatzea du helburu. Herritarrentzako bestelako esparru mentala, beste testuinguru batean jartzeko ariketa, kultura oinarri, estigma zaharrei aurre egiteko bestelako ikuspegia.
Orainaldian proiektu esperimentalak millenial-en belaunaldia du ardatz, Y belaunaldia. 80ko eta 90eko hamarkadetan jaiotako pertsonak. Belaunaldi hori Bumeran edo Peter Pan Belaunaldi gisa ere definitu zuen Kathleen Shaputis soziologo estatubatuarrak: “Izan ere, helduarora heltzeko zenbait erritu berandutzeko joera sumatzen zaie, aurreko belaunaldiekin alderatuta”. Haren iritzi berekoek diote millenial batzuek badutela “joera, gurasoekin bizitzeari dagokionez, aurreko belaunaldiek baino luzaroago egiteko”, edo “joera, gurasoen akatsak ez errepikatzeko, haurtzarotik helduarorako trantsizioa atzeratzeko”. Bill Straussek eta Neil Howek -Strauss & Howe-, aldiz, honela definitzen dute belaunaldi hau, “Millennials Rising” liburuan: “Zibikoagoa da, eta nortasun kritikoagoa du” -Internet bidez informazio-kantitate handiagoak eskuratzen dituztelako ere-, “bai eta pentsaera estrategikoa eta ubikuotasun-jarrera ere” -hainbat gauzari adi aldi berean egon nahia-, eta, horrez gain, garrantzi handia ematen diete “beren autonomoari eta askatasunari”. “Natibo digital” ere esaten zaie, teknologia haien eguneroko bizimoduaren osagai baita.
Belaunaldi honek 2008tik 2014rako krisiaren ondorioen eragina bizi du; krisialdiak iraun bitartean, gobernuak saiatu dira -arrakasta gutxirekin saiatu ere- gazteen langabezia-tasak murrizten. Millenial-ak, era berean, hainbat mugimenduren protagonista izan dira: 15-M Espainiako estatuan, Occupy Wall Street edo Frantzia, Guatemala, Txile edo Mexikoko mobilizazioak.
Orainaldian
Orainaldian proiektuak Y Belaunaldiko gazteak jartzen ditu erdigunean; gustuko ez duten mundua edo bizi-sistema aldatzeko, interesa kulturan eta sorkuntzan jarrita dutenak, hain zuzen ere. Gasteizko gazteak, suntsiketaren aurrean sorkuntza hautatzen dutenak. Sentitzen dutena beren obren bidez adierazten dutenak. Hala, proiektu esperimental honek kontra egiten dio, bai eta erronka ere, kulturaz itzal handiko eta aurreko belaunaldietako pertsonekin hitz egiteko berezko joerari, hitza eta ikusgaitasuna berauek tradizionalki ukatuak izan dituen belaunaldi horri emanda.
Protagonista hauek izango dira dokumentalean:
– Paul Urkijo: Zinema. “Errementari” filma bukatu berri du.
– Izaskun Urkijo: Arte-zuzendaria.
– Beñat Goitia: Musikaria. Musika literaturatik jorratzen du.
– Lurburu kolektibo artistikoa: Instalazio artistikoak ingurugiroan.
– Gasteiz Hardocre Crew: Kultur Kudeaketa.
– Nerea Mauleon. Ene. Eme-ko ilustratzailea
– Eider Bernaola: Argazkilaria.
– Frik1 eta OjodeKuervo: Grafitia.
– Reina Goinolanda: Idazlea
– Mikel “Ktthulu”: “Cosmic Tentacles” jaialdi independentea. Kultur kudeaketa eta autoedizioa.
– Iker Fidalgo: Arte kritikaria
– Irantzu Lekue: Artista eta muralista. ARTgia sorgune-ko zuzendaria.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!