Gaur hasiko da 22. Korrika, Amurriotik
Egun osoko jaia prestatu dute Amurrioko eta Aiaraldeko herritarrek 22. Korrikari hasiera emateko. Hasteko, txupinazoa eta kale animazioarekin girotuko da Amurrio, eta goizean hainbat ekimenek alaituko dute eguna eguerdiaren aurretik. Parrillada antolatu da, eta, era berean, herriko hainbat tabernatan bazkaltzeko aukera egongo da. Plazan izango da hasiera ekitaldia 16:00etik aurrera, Kaitin Allendek gidatuta eta Neomak taldearen parte-hartzearekin.
Mezua lekuko barruan sartuta, lehen kilometroa Amurrioko AEK euskaltegiko sei irakasleek egingo dute. «Korrika ekimen zirraragarria da eta, horrez gain, Korrikaren atzean euskararen eta euskaldunen, euskaltzale guztien eguneroko bizitza eta euskaraz bizitzeko nahia dago», argi dute antolatzaileek. Ideia horrekin, eta 6 lagun horien bidez, lehen kilometro horrek islatuko du alde batetik euskaraz bizitzeko kemena; eta bestetik Amurrion euskalduntze-lanak tinko aurrera egiteko Korrikak hauspo izan nahi duela.
Bizkaia bidean, lehendabiziko gauaren bila, Korrikak aurrera segitzen duen bitartean, Amurrion jaiak segituko du hainbat kontzertu eta ekitaldi tartean. Korrikaren ibilbidea ikusgai dago AEKren webgunean.
Amurrioko egitaraua
10:00
Txupinazoa (euskaltegitik)
Kale animazioa (Amurrioko txistuzaleak + trikitilariak)
Zuzeneko emanaldia, Aiaraldea Gaur
Azoka (parkean, bertako ekoizleak eta sortzaileak)
Korrika Txikia ikastetxeetan (Amaurre, Aresketa, Mendiko eta Zabaleko)
Korrika arropa eta materiala salgai plazan
13:00 Parrillada (parkean)
15:00 Aldats elektrotxaranga
16:00 KORRIKA EKITALDI NAGUSIA
16:30 KORRIKA HASIERA
17:00 Aldats eletrotxaranga
17:30 Iratxoen kantu sekretuak korrika. Baleuko ikuskizuna, Amurrio Antzokian
19:00 Karrakan
19:30 Ugarte otxotea
20:00 Batukada Battuere
KONTZERTUAK
18:00 Gozategi bere 30. urteurrenean
20:30 Izate Faltsua
22:00 Dupla
23:00 Amaiera
KORRIKA
Korrika Euskal Herri osoan zehar egiten den euskararen aldeko ekimen erraldoia da. Aurten, Hitzekin lelopean egingo da Amurriotik Donostiara, eta Pirritx, Porrotx eta Marimotots omenduko ditu “34 urteko ibilbidea egin dutelako euskal munduan, eta, are garrantzitsuago, euskaraz; eta eragileak direlako, orainaldiari eta etorkizunari begira daudenak”.
Euskararen aldeko kontzientzia suspertzea eta euskaltegien eguneroko lana indartzeko dirua biltzea ditu helburu. 1980an Euskal Herria Oñatitik Bilbora zeharkatu zuen lehen Korrika antolatu zenetik, euskararen alde antolatzen den ekitaldirik jendetsuena eta garrantzitsuenetakoa da. Ordudanik, 21 Korrika eta 41 urte igaro dira. 2022ko martxoaren 31n hasita, 11 egunez eta gelditu gabe, KORRIKAk Euskal Herria zeharkatuko du 22. aldiz. Bi mila kilometro baino gehiago euskararen alde, adin eta mota guztietako milaka partaiderekin, gau eta egun gelditu gabe.
Korrika hasi eta amaitu arte, lekukoa eskuz esku eta kilometroz kilometro eramaten dute korrikalariek; lekuko horren barruan, euskaldun ezagun batek KORRIKA helmugara iristean irakurriko duen mezua gordetzen da, ordura arte sekretupean gordetzen dena.
Korrika bi urterik behin Euskal Herriko jendartea astintzen duen gertakari bilakatu da. Bertan parte hartzen duen jende-kopuruak gora egiten du etengabe, Korrikaren antolaketan milaka lagun aritzen dira herriz herri eta auzoz auzo eratutako batzordeetan, eta kanpainak irauten duen bitartean, hil batzuk lehenago aurkezten denetik azken eguneko jaia egin arte, ehunka jaialdi, kultur ekitaldi eta abar antolatu ohi dira.
AEK-k antolatzen du Korrika. Euskararen berreskurapena eta Euskal Herria berreuskalduntzea dira erakundearen xedeak: euskara normaltasunez eta egunerokoan erabiliko duen jendartea eraikitzea, hain zuzen.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!