Gaur bost urte hil zen Oier Gomez, urteetan kartzela eta gaixotasuna pairatu ostean
2011n atxilotu zuten Frantzian. 2012tik aurrera oso gaixotasun larriak diagnostikatu zizkioten arren, ez zuten aske utzi 2017ra arte. Handik gutxira hil zen Baionan, Espainiako Estatuak ez ziolako Gasteizera itzultzen utzi. Hamaika mobilizazio eta elkartasun ekimen jendetsu egin ziren bere alde.
Oier Gomez gasteiztarra 2011n atxilotu zuten Frantzian Itziar Morenorekin batera, kontrol batean jendarme bati tiro egitea leporatuta. 15 urteko espetxe-zigorra ezarri zioten eta hiru euroagindu zituen bere kontra. 2012an Hodgkinen linfoma bat diagnostikatu zioten eta kimioterapiarekin tratatu zuten hurrengo urteetan. Hala ere, ez zuten askatu. 2017ko urtarrilean, min handiekin zegoelako, Meaux al hospital Pitié-Salpêtrière espetxera eraman zuten. Han diagnostikatu zioten minbizia bigarrenez: Ewingen sarkoma eta metastasia. Ospitaleratu egin zuten. Ospitalean eskuburdinak jarrita eta kateatuta izan zutela salatu zuten senideek.
Otsailean kondena eteteko eskaera aurkeztu zuten Oierren abokatuek, espetxealdiarekin bateraezina zen gaixotasun larria zuela argudiatuta. Oiertxo SOS plataformak martxoan salatu zuen, besteak beste, espetxealdiak larritu egiten zuela Oierren egoera, ezin zuelako behar duen tratamendua modu integral eta egokian jaso eta medikuek ezin zizkiotelako egin beharreko probak berme guztiekin egin. Frantzian artatzen zuten medikuek zein familiaren konfiantzazkoek adierazi zioten plataformari Oierren gaixotasunaren tratamendua bateraezina zela espetxean egotearekin.
Handik gutxira, apirilean, Frantziako Zigorren Aplikaziorako Auzitegiak eten egin zuen kondena, baina ez zuten askatu. Egun batzuk lehenago, preso eta iheslarien eskubideen aldeko Ipar Euskal Herriko Bagoaz kolektiboak jakinarazi zuen mediku adituek sei hilabeteko bizi-itxaropena aurreikusten ziotela. Horren ostean erabaki zuen Parisko Auzitegiak ez aplikatzea Espainiako Auzitegi Nazionalak eta Portugalek eskatutako hiru euroaginduak (aurretik onartuak zituenak). Oier Gomez aske utzi zuten orduan, 2017ko apirilean.
Baionan bizi izan zen hortik aurrera Oier. Bertan zendu zen, Baionako Hospitalean, 2019ko urtarrilaren 26an, 35 urte zituela. Estatu espainiarrak debekatua zion Gasteizera itzultzea.
Elkartasun ekimen handiak
Hamaika izan ziren, eta herritar andanak babestuak, Oier Gomezen askatasunaren aldeko ekimenak eta mobilizazioak. Horietako asko preso eta iheslarien aldeko taldeek bultzatu zituzten, SARE Herritarrak zein Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak. 2017ko martxoan Oierren senide eta lagunek Oiertxo SOS plataforma solidarioa aurkeztu zuten, presoaren askatasuna aldarrikatzeko. Mobilizazio ugari egin zituzten eta larriki gaixo zeuden presoen askatasuna ere galdegin zuen plataformak. Gomez aske utzi zutenean babesa eskertu zuen taldeak: “Oierren alde egin den lan guztiak eragin zuzena izan du epailearen erabakian”. Euskal preso politikoekin eta, areago, gaixorik zeudenekin aplikatzen zen salbuespenezko legedia eta giza eskubideen urraketak salatu zituzten.
Preso politikoak eta gaixotasuna
Oier Gomez askatu zuten garaian, hogeitik gora ziren espetxean gaixorik (asko oso larriki) zeuden euskal presoa politikoak. Horietako askori ez zioten askatasuna eman azken unerarte, egoera klinikoa guztiz muturrekoa izan arte. Urte horretan bertan hil zen, 2019ko urrian, Jose Angel Ochoa de Eribe urkabustaiztarra. 19 urte eman zituen preso, eta bi hilabete zeramatzan kalean.
Ochoa de Eribe 2000 urtean espetxeratu zuten eta 2015ean aurkitu zioten minbizia. Zigorraren hiru laurdenak 2016an bete zituen eta larriki gaixo egonda ere, espetxean mantentzea erabaki zuten. 2019ko uztailean utzi zuten aske, gaixotasunaren egoera hain kritikoa zela, ezen urrian hil baitzen preso ohia.
Omenaldia heriotzaren urteurrenean
Oier Gomez gasteiztarrari omenaldia egingo diote bere heriotzaren urteurrenean, 2024ko urtarrilaren 26an, ostiralarekin. Jardun Koordinadorak antolatu du. Faroloian izango da arratsaldeko 19:30etan. Ondoren, bertso afaria ere egingo dute.
📌 La acción llega al final de una semana marcada por la muerte de Oier Gomez: mañana habrá diversas movilizaciones en la capital alavesa https://t.co/OSutpxs3DM pic.twitter.com/IJhD54lEdY
— Hala Bedi (@halabedi) February 1, 2019
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!