Gasteizko Txosnek Banda Lehiaketaren aurtengo edizio aurkeztu dute
Aurten, estreinakoz, musikari gazteenei bultzada emateko Gazte Saria ere emango dute.
2024. urteko lehen agerraldia egin dute Gasteizko txosnak osatzen dituzten eragileek. Eskerrak emanez hasi dute hitzartzea, iaz txosnagunea “jendez beteta” egon zelako, eta aurten ere gune “alternatibo, sortzaile eta politikoa” eskaini nahi dutela. Bide horretan aurkeztu dute dagoeneko txosnen urteroko programazioan ezinbesteko bihurtu den ekimenaren edizio berria: Gasteizko Txosnen 2024ko Banda Lehiaketa.
Ezagunak ez diren taldeei oholtza gainean aukera ematea du helburu lehiaketak. Izena emateko epea martxoaren 1ean irekiko da arratsaldeko 15:00etan, www.gasteizkotxosnak.eus helbidean. Talde bakoitzak hiru, lau edo bost abesti igorri beharko ditu, eta argazkiak eta bideoak helarazteko aukera ere izango du.
Izena eman duten guztien artean 8 talde igaroko dira hurrengo fasera. Martxoaren 6a eta 13a bitartean bozketa epea irekiko da zortzi talde horien artean lau aukeratzeko. Lau horien artean, publikoak irabazle bat hautatuko du eta Gasteizko Txosnetako epaimahaiak beste hirurak. Lau horien artean talde arabar batek egon beharko du gutxienez, baita emakume partaideren bat duen talde batek ere.
Gazte Saria, aurten lehen aldiz
Lau talde finalistek martxoaren 21ean emanaldia egingo dute Jimmy Jazz aretoan. Irabazleak, urtero bezala, 500 euroko sari ekonomikoa jasoko du eta Gasteizko jaietan kontzertua emango du txosnagunean.
Horretaz gain, berrikuntza batekin etorri da aurten txapelketa: beste sari bat ere emango dute, lehiakide gazteak bultzatzeko: Gazte Saria. Kasu honetan, 200 eurokoa izango da saria eta, jakina, kontzertua emateko aukera jaietan.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!