Gasteizko Okupazio Mugimenduak Maravillas Gaztetxearen aldeko mobilizazioak iragarri ditu
Errekaleor Bizirik, Sumendi, Auzolana Pilotalekua, GES, Gasteizko Gaztetxea, Talka eta Birjabetze Kolektiboa eragileek ohar bateratua kaleratu dute Iruñeko Maravillas Gaztetxeko desalojoa salatzeko.
Iruñeko Maravillas Gaztetxearen aurkako desalojoaren aurrean, erasoaren larritasuna ikusirik, Gasteizko Okupazio Mugimenduko kolektibo guztiek, bere aniztasun eta osotasunean, ohar bat kaleratzea erabaki dute. Eragile horiek Errekaleor Bizirik, Sumendi, Auzolana Pilotalekua, GES, Gasteizko Gaztetxea, Talka eta Birjabetze Kolektiboa dira.
“Botereak ezin ditu herriaren kontrolpean dauden guneak onartu. Aberastasun pilaketa etengabearen aurka altxatu ditugun Gaztetxe, etxebizitza, aisialdi espazioak… elkarzaintza eta elkartasun uharteak dira miseria kapitalistan. Horregatik ezinbestean bultzatu nahi gaituzte beraien joko arauen barruan sartzera eta jokatzera“, salatu dute. Eta galdera bat luzatu dute: “Ados gaude, oso arriskutsuak dira gure espazioak; baina norentzat?”.
Zentzu honetan, Maravillasek Nafarroako “aldaketaren mugak” seinalatzen dituelako kendu nahi izan dutela uste dute, baina Iruñeko Alde Zaharrak erakutsitako “erresistentzia eredugarriak” bideak irekiko dituelakoan daude eragileak.
Okupazio Mugimenduaren esanetan, “ezin ditugu Iruñeko lagunak bakarrik utzi, elkarrekin indartsuagoak garelako”.
Hori dela eta, Gasteizko herritar guztiei datozen egunetako ekimenetan parte hartzeko deia luzatu diete:
- Asteazkena 16: 13:00etan kontzentrazioa Aularioan (Gasteizko Kanpusa).
- Ostirala 18: 19:00etan Kazerolada Andra Mari Zuriaren plazatik.
- Larunbata 19: 15:00etan Autobusa Iruñera. Tiketak Hala Bedi Tabernan 8 euroren truke eskuragai.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!