Gasteizko Glovoko langileak lan-baldintzen hobekuntzaren alde greban
Plantoa egin zuten larunbatean Gasteizko Glovoko banatzaileek enpresak ezarritako komisio minimoaren murrizketaren aurrean. Glovo enpresa langileekin batzartu ezean, mobilizazio gehiago iragarri dituzte Arabako "rider-ek"
Gasteizko Glovoko langileek motxilak eskegi zituzten larunbatean, enpresak lan baldintzetan egindako azken aldaketak salatzeko. Iragan uztailean erabaki zuen Glovok “rider-ek” banaketa bakoitzeko jasotzen duten komisio minimoa 2,5 eurotatik euro batera murriztea. Neurri horren aurrean eta “lan baldintzen hobekuntza” bat eskatzeko greba egin zuten Gasteizko Glovoko 20 bat banatzailek. “Irabazki duinak” aldarrikatu dituzte, eskaintzen duten zerbitzuarekiko neurrikoak
2018an heldu zen enpresa Arabara eta ordutik ugaritu egin da Glovoko langileen presentzia. Langile hauek “autonomo faltsu” bezala egiten dute lan eta euren gain hartu behar dituzte Gizarte-segurantzaren eta BEZaren gastuak. Enpresak hartutako azken neurrien ondorioz nabarmen ikusi dute murriztuta Glovoko banatzaileek soldata. Gainera, enpresa ordainketetan atzeratu izana ere salatu dute.
Glovok, bere aldetik, greba egin zuten “rider-ak” zigortu ditu. Puntuazio bidez kalifikatzen ditu banaketa enpresaren aplikazioak bere banatzaileak eta grebalarien puntuazioak jaitsi egin ditu, horrek, lan orduen eta diru-sarreren murrizketa eragingo die kaletutako langileei. Mehatxuek, ordea, ez dituzte Glovoko langileak geldiaraziko eta enpresa beraiekin batzartu ezean greba egun gehiago iragarri dituzte.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!