Gasteizko campusean egingo diren jardunaldi nazionalen egitaraua aurkeztu du Ernaik
Urrian aurkeztu zituzten jardunaldiak eta azaroaren 10 eta 11an egingo dira. "Unibertsitate ereduaren, hezkuntza eta burujabetzen arteko uztarketaren eta burujabetza prozesuen inguruko" gaiak izango dira ardatz.
Joan den urriaren 6an aurkeztu zuten Ernai gazte antolakundeko kideek Gasteizko campusean bertan ospatuko duten burujabetza jardunaldi nazionala.
Jardunaldietan jorratuko diren ardatzak hezkuntza eta burujabetzen arteko uztarketa eta burujabetza prozesuak izango dira. Horiek lantzeko asmoz, formakuntzarako, eztabaidarako eta aisialdirako aukera egongo da, eta baita mobilizaziorako tartea ere. Antolatzaileen helburua bertaratzen den gazte eta ikasle orori Ernaik hezkuntzaren eremuan eta, zehazki, unibertsitateetan, duen eskaintza eta proiektu politikoa zabaltzeko eta eztabaidatzeko aukera ematea da.
Azaroaren 10 eta 11an izango dira jardunaldiak. Gaur eman dute egitaraua jakitera. Besteak beste, “unibertsitate burujabe, publiko, komunitario eta eskualdun baterantz egin beharreko bidearen hausnarketa” azpimarratu nahi izan dute egitarauaren baitan, baita “Euskal Herrian ematen ari diren burujabetza prozesu formalen inguruko mahaingurua edota burujabetzaren ulerkera feministaren zein ekologistaren inguruko solasaldiak” ere. Azaldu dutenez, espainiar estatuko nazio zapalduetako gazte eta ikasle antolakudneetako gonbidatuek ere hartuko dute parte jardunaldietan. Itxiera emateko, mobilizazioa eta aisialdi eskaintza ere antolatu dituzte.
Informazio guztia ernai.eus webgunean izango da ikusgai. Jardunaldietan parte hartzeko beharrezkoa da izena ematea. Webgunean bertan zein campusetan egingo diren aurkezpen publikoetan eman daiteke izena.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!