Gasteizen egingo dute Euskal Herriko Emakume Pentsiodunen II. Asanblada
Azaroaren 18an Gasteizen, Ignacio Aldecoa Kultur Etxean, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko Emakumeen II. Asanblada egingo dute. Prekarietatea izango dute gai nagusi jardunaldian, “Prekarietaterik ez soldatetan ezta pentsioetan” lelopean.
Pentsiodunen Mugimenduko Emakumeen bozeramaileek gaur Gasteizen egindako agerraldian azaldu dutenez, prekarietatearen gaiari heldu diote “kezkagarritzat” dutelako langileak pentsiodunekin “aurrez aurre” jarri nahi izatea, bietan dagoelako prekarietate egoera.
“Emakume pentsiodun askok miseria-pentsioak kobratzen dituzte izan dituzten enplegu prekarioen ondorioz, soldata baxuen ondorioz, zaintzaren beharrak eragindako lanpostuak partzialki edo behin betiko uztearen ondorioz, eta askotan nahi gabe”, azaldu dute. Alarguntza-pentsioa kobratzen duten emakumeak ere sarri egoera berean daudela gogorarazi dute.
Begirada jarri dute, gainera, etxeko langileen eta feminizatutako sektoreen egoeran. Salatu dute horiek jasaten duten lan-baldintzen prekarietatea eta diskriminazioa.
Pentsiodunen Mugimenduko Emakumeen Asanblada
2021eko azaroan egin zuten lehen asanblada Bilbon, “Gure eskubideen defentsaren alde” lemapean. Pentsiodunen mugimenduan emakumeek jokatzen duten paperaren aitortza eta emakume pentsiodunen berariazko problematiken eztabaida izan zituzten orduan ardatz.
Oraingoan, “Emakumea eta prekarietatea”, “Alarguntza-pentsioaren oraina eta geroa”, “Etxeko langileen eta emakume migratzaileen prekarietatea” eta “Prekarietatea lan feminizatuetan eta borroka arrakastatsuak” izango dira jorratuko diren gaiak.
Mobilizazioa lanabes
Egoera horren aurrean, Emakume Pentsiodunen II. Asanbladan berretsi nahi dute mobilizazioa izan dela eta izango dela “bermerik onena” pobreziaren mugaren azpitik dauden pentsioak egon ez daitezen eta soldatetan eta pentsioetan dagoen genero-arrakalarekin amaitzeko.
Horregatik, batzarra amaitzean, elkarretaratzea egingo dute Legebiltzarraren aurrean, azaroaren 18an.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!